Bortizkeriaz bi hitz

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2014ko mar. 20a, 09:23

Unai Villalba

“Martxoaren 3an Global Forum Spain bilkura salatzeko Bilboko banketxeen kristalak apurtu zituztenak txalotzen ditudala” esango banu, akaso arazo judizialak izango nituzke. Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean Unai Rementeriak “estamos hartos de los de la capucha” esan zuen horren harira, eta Bizkaiko egunkari baten foroan zera erantzun zioten, Iñigo Cabacas erail zuteneko egunean kaputxa zeramaten bakarrak ertzainak zirela.

 

Bestetik, martxoaren hiruan ere, poliziak eraildako bost langile eta garai bateko borroka omentzen ziren Gasteizen, eta hilketa horien arduradunek arazo judizial askorik ez dute izan orain artean.

 

Aste horretan bertan Fernández Díaz barne ministroak Ceutako Tarajaleko hondartzan –15 etorkin hil zireneko sarraski horretan– Guardia Zibilak ez zuela neurriz kanpoko indarkeriarik erabili esan zuen. Ez Guardia Zibilak ezta ministroak ere ez dute arazo judizial handirik izan. Are gehiago, hainbat kontu aldatuko dituzte Guardia Zibilak legez kanpo egiten zituen hainbat prozedura (adibidez “expulsión en caliente” delakoa) legeztatzeko. 

 

Aste horretan ere –martxoaren 8a ospatu zen horretan– lau emakume erailak izan ziren estatu espainolean, eta Europako txosten batek azken hamar urtetan estatuan 730 emakume baino gehiago gizonezkoen eskutan hildako izan direla gogoratzen zigun. Justiziak hilketa horiek kondenatu ohi ditu, baina ekidin ez; trukean Justiziak emakumeei eskaintzen diena abortua delitua bilakatzea da.

 

Beste hainbat adibide aukeratu ahal ziren duda barik. Ez naiz oso urrutira bila joan. Baina bi  ideia xinple adierazteko balio dute adibideok: bortizkeria mota asko dago; eta justiziak jokamolde desberdinak ditu horien aurrean.

 

Ni ez naiz bortizkeria-zale, baina horrek ez du esan nahi bortizkeria oro ukatu edo kondenatu behar dudanik modu berdinean. Gai zaila eta gaur gaurkoz arriskutsua ere bada, baina behintzat bi iritzi garbi baditut. Lehena, ez da berdina ondarearen edo gauzen kontra egiten den indarkeria eta zuzenean pertsonen aurka egiten dena, bereziki heriotza eragiten duen indarkeria larriena izanik. Bigarrena, ez da berdina egoera injustu bat mantentzeko egiten den indarkeria (“Justizia” euren alde idatzita ere) eta herriaren gehiengoaren interesen alde borrokatzeko egiten dena.

 

Oso gogoeta xumea eta ia sinplista da hasteko, baina gure agintariek antza ez dute batere garbi. Jendartean indarkeria mota desberdinak daudela eta tratu desberdinak jasotzen dituztela onartzen ez duena inozo galanta da niretzako, edo are okerrago, interes partikularrak defendatzen dituen hipokrita hutsa. Ostera bakoitzari indarkeria mota batak edo besteak min gehiago emango dio, eta agian minak ulergarriagoak izan daitezke, eta justuago edo injustuago irudituko zaio indarkeria bata ala besteak, elkar ulertzeko hitz egin behar, baina behintzat hasteko, onar dezagun indarkeriaren munduan ere aniztasuna egon badagoela.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide