BAI-BAI ala BAIETZ

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2014ko aza. 11a, 01:00

Unai Villalba

BAI ala BAI: Ez nuen asmorik, baina gaur, galdeketaren ostean, Katalunia kolatu zait teklatuan BAI ala BAI.

BAI eta BAI: 2.305.290 pertsonek bozkatu dute orain artean, horietatik %80,76ak BAI eta BAI erantzun du independentziaren alde.

 

BAI eta EZ: Zailtasun eta mehatxu guztien gainetik hautesle-potentzialen %35-ak eman du botoa (%33ak baino gehiagok BAI erantzun dio lehenengo galderari). EZ omen da nahikoa, EZ omen da demokratikoa, EZ omen da adierazgarria. Baina Madrilgo kongresuan, Estatu Espainolean, PP gehiengo absolutuarekin nahi duen eran gobernatzen ari da, eta PP-k erroldaren bozken %31,6a baino ez zuen lortu. Hori BAI, hori BAI bada nahikoa eta demokratikoa.

 

EZ: Independentziarik balego, Katalunia EZ, ezin izango litzateke zuzenean Eurogunean mantendu. Zein Europan baina? Gaur berez Europako ekonomia kontuez idatzi nahi nuen: (1) Jean Claude Juncker-ek (egun europar Komisioaren presidentea) 340 Enpresa Transnazionalen (ETN) zerga zama arindu zuen itun sekretuen bidez Luxenburgon ardura politikoak zituen bitartean. Zerga zama %21etik bataz bestez %2ra baino gutxiagora jaitsi zien, ta gainera, irabaziak sortzen ziren herrialdean ordaindu beharrean (adibidez Katalunian) Luxenburgon pagatzen ziren diru horiek. (2) Juncker tipo honen agintaldian TTIP (Transatlantic Trade and Investment Partnership) akordioa sinatu nahi dute EEBB-ek eta EB-ak. Akordio honetan ETNen mozkinak hiritarron zerbitzu publikoetarako eskubideen gainetik jarriko dituzte adibidez. Juncker zitala EZ da arazoa, nork jarri duen boterean baizik.

 

BAIETZ: Numero eta interpretazioetatik haratago, niri zeozer garbi geratu bazait, Kataluniako jendeak BAIETZ esan duela da, posible dela. Herriak posible duela antolatzea eta burujabe izatea, Konstituzionalaren aginduak saihestea posible duela. Atzera bota begirada, eta gogoratu ezazue azken hilabeteotan zenbatetan entzun duzuen galdeketarik ez zela posible.

 

Bada, batzuek BAIETZ esan berri dute. Eta gero gerokoak.  

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide