Gaztea nintzenean aitak San Mamesera eramaten ninduen. Asko gustatzen zitzaion futbola, eta bere semearekin partida bat ikustera joateak harrotasun handia eragiten zion. Gainera, ez zuean soldata handirik, eta berarentzat futbolera joateko sarrera bat erosteak esfortzu handi bat suposatzen zuen.
Nerabetasunean gorritxo bihurtu nintzen. Polita iruditzen zitzaidan, UPNren Nafarroan, halako futbol talde bat egotea. Gainera, nire lagun onena Osasuna zalea ere bazen.
Gerora, Gasteizera etorri nintzen eta Alaves Bigarren B mailan zegoen. Gloriosoren kamiseta erosi nuen, eta askotan joan nintzen Mendizorrotzara, koinata batek karneta uzten baitzidan. Momentu bereziak bizi izan nituen zelai horretan. Beraz, nire semea jaio zenean, Alavesen karneta atera nion (dohainik zen) eta argazki batzuk atera nizkion gasteiztarren bufandarekin.
Baina semeak sorpresa bat zeukan niretzat. Pixka bat nagusiagoa izatean, Athletic zalea zela esan zidan. Aititek konbentzitu zuen. Eta ni harrituta geratu nintzen. Bera Gasteizen jaio zen, eta nik hemengo taldekoa izatea nahi nuen, baina ezin izan nuen konbentzitu. Bere bihotza betirako zurigorria bihurtu zen. Horregatik, aitaren azken udan San Mamesera joan ginen iloba, aitite eta hirurok batera. Momentu polita izan zen.
Aita otsailean hil zen. Nire semeak ezingo du bere aititez berriro disfrutatu, baina lotura bat izango du berarekin: futbola. Eta horregatik ni Athletic zalea bihurtu naiz (berriro). Aitaren ohorez. Alaves eta Osasuna gustuko ditut, baina nire bihotzean, Athleticek gol askogatik irabazi du.
Agian uste duzu futbola tontakeria bat dela. Hogeita bi pertsona pilota batekin jokatzen, besterik ez. Eta, parte batean, arrazoi daukazu. Baina bizitzako gauza gehienek daukate garrantzia gure ikuspuntu eta sentipenen arabera: ikur bat izan daiteke trapu bat edo gure lurra. Hizkuntza bat izan daiteke elkar ulertzeko erraminta bat edo gure identitatea. Aikidoa izan daiteke teknika multzo bat edo zerbait espiritualagoa. Eta futbol talde bat bezain azalekoa den zerbait, biloba baten eta bere aititeren arteko lotura bihur daiteke.
Beraz traidore bat naiz, baina harro nago. Kontraesan emozionalak…
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.