Webgune hau obretan dago

Erabiltzailearen aurpegia Oreka IT 2016ko eka. 13a, 09:21

Gaur egun, leku orotan dago Internet, konektatuta bizi gara eta ondorioz, edozein momentutan, edozein lekutan, behar duguna behar dugula Interneten bilatzen dugu. Horren ondorio zuzena, guztiok Interneten gure esparrua izan nahi izatea da, batzuetan bolondres eta gehienetan marketing hutsa. Baina zer da garrantzitsuena agertzea edo bertan duzun irudia?

2015eko azaroan, lagun batek ileapaindegi berri bat ireki zuen, eta berarekin hitz egiten nengoela, webgunea bazuen galdetu nion. Bere erantzuna azkenaldian holakoetan ohikoena, “nire lehengusu batek webgune bat egingo dit, bai”, dohain noski!

Izan ere, badirudi orain guztiok webguneak egiten dakigula. Nork ez du wordpress ezagutzen? kalean entzutetik ez bada ere.

Wordpress, webguneak sortzeko eduki kudeatzailerik arrakastatsuena da. Informatikako ezagupen gutxirekin, webguneak egiteko prestatutako kudeatzailea, hain zuzen. Eta bai, ez nabil gezurretan, ez zara informatiko aditua izan behar wordpress-ekin webgune bat eraikitzeko. Baina, zer gertatzen da webgune horrekin, argitaratu eta hilabete gutxira? Eta bat-batean ordenagailuarekin sartu beharrean, mugikor edo tablet-arekin sartzen zarenean, ondo ikusten al duzu? Erabilgarritasunaren aldetik, gutxieneko baldintzak betetzen al ditu? Eta Google-en agertzen al da?

Lehengusuari deitu eta arazoa azaltzen diozunean, lasai egoteko esaten dizu, administrazio-panelera sartu eta plugin-ak eguneratzeko “Horrela webgunea guztiz eguneratuta izango duzu”. Azaltzen dizuna ulertzea lortzen duzunean, “guztia eguneratu” botoia sakatzen duzu eta pantailari begira geratzen zara “Ene! Ileapaindegiaren logoa erdian agertzen da orain, eta ez dizkit eguneko eskaintzak ikusten uzten? Eta hitzorduak hartzeko botoia? Zergatik ez dabil?”

Berriro ere lehengusuari deitu behar, baina oraingoan ez dizu telefonoa hartzen, izan ere, azkenaldian oso lanpetuta dabil. Telefonoa hartzen duen eta webgunean lanean jartzen denerako, hilabete bat pasatu da, eta gainera ez daki konpontzen.

Orduan, Web diseinu eta garapeneko enpresa batengana jotzen duzu eta zure webgunea konpontzeko aurrekontua eskatzen duzu, eta ez hori bakarrik, webgunea eguneratuta izateko eta konfiantzazko zerbitzari batean ahokatzeko eskatzen diezu ere, azkenaldian, eskumako zutabe batean, ez dakizu zergatik, “viagra” iragarki bat agertzen baitzen. Wordpress-eko web-garapenak nahiko azkarrak eta errazak dira (beste gauza bat da, benetan webgune on bat izatea), baina munduko kudeatzailerik arrakastatsuena izanda, momentu oro eguneratzen da, segurtasuna indartzen doa ere, eta azken finean momentu oro hobekuntzak argitaratzen ditu, eta hori kudeatzen adituak diren profesionalak behar dira, benetan zure webgunea ondo funtzionatzea, hau da, zure helburuak betetzea eta Interneten duzun “irudia” ona izatea nahi baduzu behintzat.

Hasierako galderarentzako nik erantzun zehatza daukat, Interneten erabiltzailean uzten duzun aztarna da garrantzitsuena, zure webgunea, itxura zein eduki aldetik, eguneratuta egon behar da, mugikorretik, tablet-atik zein ordenagailutik modu egokienean ikusi behar da eta botoi eta tresna guztiak erabilgarri egon behar dira. Hori guztiarekin batera, bilatzaileetan agertzea oso garrantzitsua da ere, zertarako balio dizu webgune ikusezin bat izatea? Hau guzti hau, zure lehengusuari eskatzea, ez al da gehiegitxo?

Webguneak gaur egun, gure negozioaren eskaparaterik ikusienak dira, txukun, polit eta batez ere erabilgarri izatea komeni zaigu, bestela Interneten agertuko zara bai, baina ez duzu aztarnarik utziko. 

Gaur egun, nire lagunaren ileapaindegiak oraindik ez du webgunerik, bere lehengusua lanez gainezka dago eta tarteka egiten doa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide