Zapata-garbitzailearena

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2016ko uzt. 19a, 19:12

"Aurretik zihoala 'erori' zitzaion eskuila; hara abiatu nintzen ni, ergel perfektua, itzultzera"

 

Iazko udan Istanbul bisitatu genuen. Hiri gomendagarria da oso, kaleetatik tankerik ez dabilenean bederen. Ez zaituztet betiko klixe zaharrekin aspertu nahi: Europa eta Asia uztartzen dituen arragoa, tradizioa eta modernitatea, bla, bla, bla. Guzti hori bada, eta bisitatzean egiaztatu dezakezue. Nik aholku xumea dakarkizuet besterik ez. Adi zapata-garbitzaileei.

Joan den asteburuko estatu-kolpe saiakeraren harira gogoratu naiz Istanbuleko gremio gogaikarrienarekin. Guri hirira heldu eta minutu gutxira gurutzatu zitzaidan lehenengoa, zoritxarrez. Bi metro aurretik zihoala "erori" zitzaion eskuila, eta konturatu ez zela uste nuenez hara abiatu nintzen ni, ergel perfektua, itzultzera. Pelikularen gainerakoa imajina dezakezue: "Milesker bihotzez, utzidazu eskertzen, garbituko dizkizut zapatilak, ez, benetan, dohainik noski, nongoak zarete, euskaldunak? Athletic! A, bale, Alaves ondo dago. Bost seme-alaba dauzkat, ez al didazu zerbait emango, zapatak garbitu dizkizut, emadazu zerbait, emadazu gehiago". Oraindik ez genituen ez lira turkiarra ezta hango prezioak menderatzen, eta tira, horrek ere borobildu zion eguna.

Ez naiz politologoa, ez eta Turkian aditua. Baina azkar ikusi nuen Istanbulgo kaleetan (Erdogan presidentea hazi zen bertsuetan) kokinkeria bertutea dela. Ez ninduke batere harrituko joan den ostiral gauean zapata-garbitzailearena egin izan balu Erdoganek, eskuila lurrera erortzen utziz, jakinda herritarrak atzetik etorriko zitzaizkiola, turista inuzenteen legera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide