Euskara ez da hizkuntza bat (I)

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2015ko abe. 9a, 10:43

Eta komeni da esatea. Euskara, nahi baduzu, mailu bat da, baina nahi baduzu soilik.

Eta iltzeekin egur zatiak lotzeko erabili ahal izango duzu, eta egur zati bat eta beste bat eta gero beste bat lotuz, etxe bat egiteko, zubipean bizi beharrik izan ez dezagun (eta nahi nuke metafora huts bat izatea, baina ez, ez da). Edo euskara izan liteke, nahi baduzu, eta nahi baduzu soilik, etorkizunez kargaturiko arma bat, hark emango dizkigulako, eta hark soilik, mundua aldatzeko behar ditugun aditz guztiak (eta, ondoren, hura edertzeko adjektiboak). Euskarak soilik ekar diezagukeelako duintasuna, ezinbestean euskararen eskutik ekarri beharko ditugulako gurera arnasarik gabe uzteraino itotzen ez gaituzten lanbideak, emakumerik hiltzen ez duten gizonak, esna amesten duten pertsonak. Euskararen eskutik etorriko dira edo, ohar gaitezen behingoz, ez dira inola ere etorriko. Euskara munduari begiratzeko daukagun modua da, ala ezer ez da. Eta ordua da modu hori duintasunez betetzen hastekoa. Eta gero bai, gero, noizbait, euskara hizkuntza bat izango da, eta gaurkoa bezalako udazken arratsaldeetan haizeak gogor joko du, eta hosto gorrikaren gainetik kris-kras ibiliko gara, eta elkarri agur esango diogu pasieran, eta gaua etorriko da gero, eta beste egun bat ondoren, eta gaua berriro. Euskara hizkuntza bat izango ahal da noizbait!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide