Tirorik ez belatxikiari

Erabiltzailearen aurpegia Martin Rezola 2016ko abu. 11a, 21:20

Oraintsu irakurri dugu Arabako Foru Aldundiak 2016-2017 denboraldian ehiza daitezkeen espezieen zerrendatik kanpo utzi duela belatxikia (Corvus monedula).

 

Duela bi urteko artikulu batean, EAEko azken belatxikien egoera zertan den azaldu genuen, eta horretan Gasteizek duen garrantzia azpimarratu. Oraintsu irakurri dugu Arabako Foru Aldundiak 2016-2017 denboraldian ehiza daitezkeen espezieen zerrendatik kanpo utzi duela belatxikia (Corvus monedula).

Erabaki hori hartzeko, funtsezkoa izan da ANI Arabako Natur Institutuak Aldundiko Ingurumen Departamentura bidali duen txostena. Josean Gainzarain ANIko kideak labur-labur azaldu ditu kontuok elkartearen webean:

«2016/17 denboraldirako Arabako Lurralde Historikoaren debekualdi-aginduak ehiza daitezkeen espezieen zerrendatik kanpo utziko du belatxikia (Corvus monedula). Erabaki horren atzean ANIk Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentura bidali duen txosten bat dago, zeinean espezie horrek gaur egun probintzian bizi duen egoera azaltzen baita.

Belatxikia tamaina ertaineko korbidoa da, mika baten neurrikoa. Kolorez beltza da, kokotean izan ezik, gris kolorekoa baitu. Duela gutxi arte ohikoa zen probintziako harkaitz-horma askotan, non hainbat kolonia ugaltzen ziren. Zenbait herritako eraikinetan ere bizi zen, batez ere Lautadako herrietan. Baina 80ko hamarkadako lehenengo habiagileen atlasa egin zenetik hona Arabako hegazti-faunaren banaketa ezagutzeko egin diren azterketek erakutsi dute belatxikien populazioak gainbehera azkarra izan duela. Hainbesteraino non gaur egun bat ere koloniarik ez baita gelditzen probintziako harkaiztegietan, eta lehengo garaietan bizitoki izandako herri gehienetatik ere desagertu egin da.

Araban belatxikia gaur egun Gasteizen eta haren ingurumarian baino ez da bizi. Dozenaka gutxi batzuk baizik ez dira, probintziaren gainerako lurraldeko senideak galdu ondoren eremu txiki honetan gogor eusten diotenak. Batik bat erdialdean ibiltzen dira, eta elikagai bila Gardelegiko zabortegira jotzen dute maiz.

Ez dakigu zein diren espeziearen populazioak hain beheraldi latza izateko arrazoiak; gainbehera ez baita Araban bakarrik gertatu, Espainiako zati handi batean ere bai. Izan ere, ohiko hegazti arrunten jarraipena egiteko SEO/Birdlife elkarteak martxan duen SACRE programaren datuek erakusten dutenez, azken 25 urteetan Estatuan joera negatibo azkarrena duen espezietako bat da belatxikia. Oso litekeena da gertaera hori lotuta egotea nekazaritza-ekosistemen intentsifikazio prozesuarekin eta, ondorioz, elikagai faltarekin, baina ez dago horri buruzko datu garbi-garbirik.

Arabako azken belatxiki hauek hiritarrak direnez gero, ehizak ez zien, seguraski, kalte handirik egingo. Dena den, ez dirudi oso arrazoizkoa probintzian galtzeko arriskuan dagoen hegazti bat ehizatzekoak diren espezieen zerrendan egoteak, zeren, hain ale gutxi geratzen direnez gero, ehizaren eraginez gal daitekeen apur horrek ere ondorio larriak izan bai ditzake populazioan. Horren jakitun jarri genituen Arabako Foru Aldundiko agintari politikoak, eta haiek, gure proposamena aintzat hartuta, datorren denboraldian Araban belatxikiaren ehiza debekatzea erabaki dute.»

(Testua: Josean Gainzarain)

Belatxikia ehiza-katalogotik ateratzeko proposamena (gaztelaniaz)

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide