Lasarteko legar-hobiak

Erabiltzailearen aurpegia Martin Rezola 2016ko urt. 19a, 09:08

Urte amaieran izan dugun lehortea aprobetxatuz, Lasarteko legar-hobietara hurbildu nintzen lehengoan, argazki batzuk egitera. Aretxabaleta herritik mendebaldera, Lasarteraino, eta handik hegoaldera, Gasteizeraino, IVEFeko eraikinarekin lotuz, 385 000 metro karratuko eremu zabala, etorkizunean sorpresa atseginak eman ditzakeena.

Garai batean eraikuntzarako lehengaia ateratzen zen bertatik, eta gero Vital Kutxak erosi zuen, Gasteiz hiria hegoaldetik urbanistikoki hazteko proiektua gogoan. Baina amets hark pott egin zuenez, abandonuak eta ahazturak hartu zuten ingurunea. Onerako eta txarrerako.

Alde batetik, hondakindegi ezin lotsagarriagoa bihurtu zen, dena zaborra, isurkin…, eta txabolismoa zabaldu zen. Beste aldetik, Gasteizko ingurumari gehiena bezala hau ere zoru buztintsua denez, putzu, urmael eta hezegune txikiz zipriztindutako naturagune bat sortu da, oso interesgarria hegazti-faunarentzat, anfibioentzat eta, oro har, landare eta animalia espezie askorentzat. Total, aldeak alde, Txernobil txiki bat.

Ingurunea berreskuratzeak alderdi onuragarri nabarmenak izan ditzake. Besteak beste:

  • Eraztun Berdean katebegi oso interesgarri bat itxiko litzateke, Armentia eta Olarizu lotuz, eta Batan eta Zapardiel erreken bitartez Gasteiz hiria zuzenean Gasteizko Mendiekin elkartuz. Korridore ekologiko garrantzitsu bat, alegia.
  • Euriteek gogor jotzen dutenean, orain hegoaldetik Batan eta Zapardiel erreken bidez datorren ur-emari handiari (eta sortzen diren uholdeei) galga bat jarriko litzaioke, zeren eta legar-hobietako putzuetan erregulatuko —eta baretuko— bailitzateke uraren emana.

Espazio hau lehengoratzeko kezka ez da oraingoa. Gutxienez badira hamar urte udal gobernu ezberdinek gaia mahai gainean jarri zutela. Baina epaitegien kontuak, Kutxarekiko negoziazioak eta abar eta abar, urteak joan eta urteak etorri… ez dugu esango “urak bere bidean”, baina dezente luzatu da konponketa. Badirudi 2015ean zerbait mugitu dela eta agintariek konpromisoari gogoz heltzeko asmoa agertu dutela. Besterik ez dugu nahi: udal-talde guztiak batera, CEA Ingurugiro Ikerketarako Ikastegia, Uraren Agentzia, ekologista-taldeak… inplikaturiko guztion parte hartzearekin egitasmoa martxan jartzea. Ni irrikan nago.

Bitartean, gauzak honelaxe daude. Konparatu eta ikusi: eskuineko argazkiak eta ezkerrekoak toki berbera dira, metro gutxi batzuen aldea gorabehera.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide