Txakolinak edaten hasi aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2016ko eka. 29a, 11:49
Araba Euskaraz ospatu zen Agurainen.

Ondo pasatzea helburu soil duten festak ederto daude. Baina aurretik ditxosozko "euskal", edo "euskararen", bezalako zerbait jarri nahi badiozu, nolabaiteko zentzua eman beharko diozu horri, egunean bertan txakolinak edaten hasi aurretik, ezta?

Normala da "euskararen aldeko festa"  edo "euskararen eguna" entzun, eta mutur okerra jartzea. Kolore guztietako argudioak aurki ditzakezu kontzeptua gustuko ez izateko: folklorea ardatz duen erakustaldi soil diren egunak izatea, folkloreak euskararekin nahitaez zerikusia izan behar duela pentsatuz; instituzioek beren burua zuritzeko antolatutako egunak izatea, urteko gainontzeko egunetan egiten ez dutenaren justifikagarri; festarako aukera soil gisa ikus daiteke, euskararen erabilerarako gune espezifiko bat eratzeko helbururik ez duena; ikastolak diruz laguntzeko urteroko ekitaldien kasuan, horixe da salatzen dena: diru-iturri soila dela, eta euskaldunen bilgune baino nerabeen plastikozko botila alkoholez beterikoen bilgune besterik ez dela.

Kontuz, ordea, iritziak ostikoz jotako baloiak bezala bota aurretik, kontraste-lan beharrezko bat egin beharra dago eta. Jendeak, populuak, behar du festa. Behar du elkarrekin biltzea. Gaur egun, gurean, jendea biltzeko, harreman berriak egiteko, aspaldiko harremanak berreskuratzeko, benetako sare izateko gunerik garrantzitsuenak dira jai-egunak. Kontua da, jaiak, helburu ekonomiko espezifikoa ez badute behintzat, gehienean, antolatzen direla horrexegatik, "antolatzeagatik". Ondo pasatzea helburu soil duten festak ederto daude. Baina aurretik ditxosozko "euskal”, edo "euskararen", bezalako zerbait jarri nahi badiozu, nolabaiteko zentzua eman beharko diozu horri, egunean bertan txakolinak edaten hasi aurretik, ezta?


Festak gertakari sozialak dira, ez gorputzak dibertitzea eskatzen digulako antolatutako kontuak. Eta ondo pentsatuz gero, helburu egokiak jarriz gero, tresna eraginkorrak izan daitezke aldaketa sozialerako. Euskararen inguruko festentzako begirada makur gehienak zentrotik periferiara egindakoak dira. Euskararen zentroan, agian, esan dezakegu galdu egin dutela euskaldunen bilgune izateko helburu soziala. Araban, adibidez, oraindik tresna eraginkorra dira euskaldunon auto-aitorpenerako eta hiztunak trinkotzeko, baldin eta helburu egokiekin egiten badira, eta urte osoko planifikazio baten barruan egiten badira.


Gauzak ondo eginez gero, gure buruari galdetzera iritsi gaitezke: "posible da, gure herrian, gaztelania hutsean dagoen egitarau bat duten festa batean ondo pasatzea?“ Erantzuna, laugarren txakolina baino lehen emanda, hobe.

 

(Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide