Lokamutsa

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2016ko urt. 28a, 17:22

Mutu geratu gara, gizarajook, inoiz baino gehiago hitz egin behar denean. Hitz hutsalak alde batera utzita hitz egin, noski. Sozialki guztiz onartuta dagoen arazo batek ekar dezake gizartea lokamuts egoera batean sartzea: Erdi esna  eta erdi lo zaude, badakizu zure buruari zaplazteko bat eman eta guztiz esnatuta hobe egongo zarela, baina bertangoxo jarraitzen duzu loaren eta esnatzearen arteko errotondan bueltaka.

 

Zenbat gauza entzun eta irakurri ditudan, aste honetan zehar, Gasteizen gertatutako eraso matxistarekin lotuta: kasu isolatua dela; tipoa erotuta dagoela; borrokan aritu zirela elkar joka; ez dagoela argi zeinek bota zuen umea leihotik. Lehendakariak “kezka” agertu du (gure lehendakariak ez du amorrurik sentitzen, gauza horiek sindikalisten, feministen, presoen aldeko zapiak leku desegokian zabaltzen dituztenen eta Kataluniako mugimendu sozialen kontua dira). Emakundek gaitzespenik sendoena adierazi dio gertatu denari. Kontzentrazioa deitu du.

Whatsapp bidez iritsi zait ez dakit nongo apezpikuak bota duen azkeneko zerrikeria. Burura eraman ditut eskuak hasieran. Ondoko lagunak esan dit: ez zait gizon horrek esaten duena interesatzen, ez dit eragiten. Gehiago kezkatzen nau, lehen, parkera joan naizenean, beti bezala, umeak zaindu bitartean, gizonak “gizonen gauzez” eta emakumeak “emakumeen gauzez” hizketan ari zirela ikusteak, bi multzotxo apartetan.

Eta mutu egon beharrean, era honetako artikuluak idazten ditugu, gizarajook, artikuluak baino, ezkutuan eta (aldi berean) denon bistara dagoen gerra-egoera baten guda-parteak idatzi beharko genituzkeenean. Bakoitzak bere neurrian, baina (zergatik ez, blusa eta nesken paseilloa moztu zutenak gogoan) modu zaratatsu eta eskandaluzkoan, erantzuteko ordua da. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide