Ez Neutro, ez Beste

Erabiltzailearen aurpegia

"Albait 'normalen' izaten saiatzen dira batzuk: eredu tradizionalak imitatzen..."

 

Orlandoko erailketa masiboaren, Veracruzko hilketa erdi ezkutatuen eta hurbilagoko beste hainbat eraso eta mehatxuren harira LGTBfobia albisteetan atera den hil honetan, hemen da ekainaren 28a. Aurten, berriz piztu da polemika, egun hau desfile merkantilista huts(al) bihurtu omen dutelako batzuek (borroka-ospakizunaren eta arinkeriaren muga argi baitugu denok, baina nork bere erara). Aurten bertan, gizon-bikoteren bat azaldu omen da auskalo zer jaki-markaren auskalo zer iragarkitan: batzuk horrekin konformatu dira, eta beste batzuek, berriz, ohartarazi dute kontuz ibili behar dela patriarkapitalismoaren estrategia irensleekin. Aspaldikoa da auzia: ez dugu bazterrean egon nahi, baina sistema desorekatu zapaltzaile honen erdigunean ere ez. Ala? 

Nork bere burua duenez LGTBfobiari aurre egiteko, albait normalen izaten saiatzen dira batzuk: bizimodu pertsonal deritzon hori ez aipatu, eredu tradizionalak imitatu, luma ezkutatu (edo, hobeto esanda, heteroluma aukeratu)... Errespetatu behar dira bakoitzaren egoera eta hautuak; ez da komeni armairuratuekin itsutu eta armairugileak ahaztea. Baina bide hori, normaltzearena, ez da askok hobetsi nahi genukeena. Normala norma baita: berezkotik batere ez duen arau naturalizatu bat, Gizaki Neutroak eta Besteak bereizteko sortua. Eta guk ez dugu nahi ez Neutro eta ez Beste: desobeditzeko eta askotarikoak izateko askatasun sutsuaz jabetu baizik. 

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide