Motiboak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2015ko urt. 2a, 01:00

Ez jendea etxegabetzeagatik; ez langileak kaleratzea lotsagarriro merkatzeagatik; ez gure gorputzak moral kristauaren arabera arautu nahi izanagatik; ez hezkuntza-sistema erdi itoan uzteagatik; ez dirua zerga-paradisuetan gordetzeagatik; ez osasun-sistema pribatizatu nahi izategatik; ez hizkuntzak eta hiztunak zapaltzeagatik; ez diru-laguntzen kudeaketa ezinago kaskar eta ustelaren errua etorkin ez-zuri ez-aberatsei botatzeagatik.

Ez milaka gazte –eta ez hain gazte– emigrante bihurtzeagatik; ez prentsaurrekoak pantaila bidez emateagatik; ez pobreak pobreagotzeagatik; ez kalean protesta egitea isunez eta kolpez zigortzeagatik; ez herriari erabakitzen ez uzteagatik; ez monarkiaren sistema antiberdinzalea babesteagatik; ez komunikabideak manipulazio-tresna anker bihurtzeagatik; ez krisia asmatu zutenak saritzeagatik.

 

Batzuk aste hauetan hasi dira esaten ez diotela PPri botorik emango, baina ez goian aipatutako motibo guztiengatik, baizik eta –ez da broma– urtarrilaren 1etik aurrera ezingo dutelako beren telesail kutuna Interneten doan ikusten segitu.

 

Eta horrelaxe, gure mundu zaharra.

 

Urte berri on.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide