Tximinoa, uzkia agerian

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2016ko api. 20a, 09:37

Haragi ustelak hiena nola, halaxe kitzikatzen du hauteskunde kiratsak politikari profesionalaren harrapakin sena. Bozketa danborrek jotzearekin batera, zenbaitek hauteskunde-lelo zaharrak berriro aireratzeari ekin dio.

 Alderdi popularrekoak izan dira, berriz ere, estrategia hobeagorik ezean, etorkinak susmoen jomugan jarri dituztenak. Ez da kontu berria. Marotok Gasteizen bezala, Albiolek Badalonan, Le Penek Frantzian edota Donald Trumpek Estatu Batuetan ere baliatu izan dute migratzaileen aurkako gorrotoa elikatzearen taktika etekin elektoralak eskuratzearren. Eta ezin da ukatu funtzionatu funtzionatzen duela, ikusi besterik ez dago Gasteizko alkate ohiak azken udal hauteskundeetan lortutako bozka kopuruaren gorakada. Popularraren garaipena, baina, gazi-gozoa izan zen, izan ere, Marotok ezin zuen inondik ere espero oposizioko zinegotzien gehiengo batek giza eskubideekiko begiruneko marra gorri bat ezarri eta gobernatzeko asmoa frustratu behar ziotela. Gerora, errealitateak egiaztatu du suarekin jolasean ibiltzen denari esku artean eztanda egin dakiokeela. Horra hor, auzapez ohiaren diskurtso xenofoboen haritik, Zabalgana auzoan, esaterako, auzotar musulmanen kontra burututako erasoaldi islamofoboak.

Baina gizakia omen da harri beraren kontra behin eta berriz estropezu egiten duen animalia bakarra, eta hor dabiltza kontserbadoreak, beste behin ere, etorkinek diru laguntza publikoei iruzurra egiten dioteneko erretorikarekin. Oraingo honetan, Javier de Andres izan da xenofobiaren mamua xaxatzeko arduraduna. Ahaldun nagusia zenak proposamen xelebrea jarri du mahai gainean. Haren esanetan, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten etorkinek bermatu beharko dute bost urteko epean Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat ezagutzen dutela, gaztelania zein euskara, alegia. Haren ustez, bost urtetan hizkuntza ikasten ez duenak erakusten du ez duela gizarteratzeko asmorik. De Andresek, bere ezjakintasunean, segur aski ezagutuko ez duen euskal esaera batek dio tximinoak zenbat eta gorago egin, orduan eta ageriago uzten duela uzkia. Halaxe geratu da popularra, popa bistan; izan ere, lotsa gutxi behar da migratzaileen aurka iruzurraren itzala zabaltzeko, zure alderdia ustelkeriak muineraino kutsatuta dagoenean; baina are gutxiago etorkinei hizkuntza ikas dezaten eskatzeko, zu zeu berrogeita hamar urtetan hizkuntza ofizialetako bat ikasteko gai izan ez zarenean. Zergatik ote? Mende erdi batean euskara ikasteko behar besteko ahalmen intelektualik ez duzulako? Edo gizarteratzeko asmorik ez duzulako?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide