Biba nobioak!

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2015ko ira. 28a, 02:00

Koldo Alzola

 

Pertsona gogaikarriak iruditu zaizkit beti eskirolak. Langileek dagozkien eskubideak aldarrikatzeko eskura duten tresna gutxietako bat baliatzea deliberatzen dutenean, greba egiten dutenean, alegia; beti izaten dira batzuk zilborrari begiratu nahiago eta lankideekin bat egiten ez dutenak. Eskirolak izkin egiten die, horrela, lanuztea egiteak lekarzkiokeen zehar kalteei. Hori bai, mobilizazioaren bidez eragindako presioari esker langilegoak onuraren bat konkistatzen duenean, eskirolak ere etekina ateratzen dio gainontzekoen borrokari. Hobe luke bizkarroiak, bere jokabidearekiko koherentziaz, borrokaren bidez eskuratutako eskubideei uko egitea. Baina ez, berak ere gozatu egiten ditu garaipen horiek.

 

Lan arloan bezala, antzera gertatu izan da historian zehar gizateriaren beste zenbait lorpenekin. Borroka eta desobedientziaren emaitza izan dira beti gizarte konkista guztiak. 1886an Chicagon burututako langile-matxinadaren ondorioa da 8 orduko lanaldia; urte horretan bertan abolitu zen espainiar estatuan ordura arte legala zen esklabutza, odol asko izuri egingo zuen jarduera gaitzesgarri hori bertan behera geratu arte; bozkatzeko eskubidea 1933 arte ukatu zitzaien emakumeei Espainian, eta borroka luze baten emaitza izan zen lorpen hori...

Duela ez asko ezohiko ezkontza baten lekuko izan gara Gasteizen, Javier Marotorena. Kronika arrosa axola ez duenak ere jakingo zuen, estatuko hedabide guztiak luze eta zabal aritu baitira alkate ohiaren eta bere betiko senargaiaren arteko esposatzeaz. Ez dut esango ezkontzarena LGTB kolektiboaren aldarrikapen nagusietakoa denik, seguruenik izango dira lehenetsiko dituzten beste eskubide batzuk, baina bai homosexualen ezteiak normalizatu daitezen sekulako borroka izan dela atzean, eta ibilbide horretan Alderdi Popularra beti kontra izan dutela. Xelebrea da ikustea nola Marotoren ezkontzako gonbidatu gehienak 2005ean Espainiako Legebiltzarrean sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aurka helegitea jarri zuten berberak diren. Baina oraingo honetan haietako bat da esposatzekoa, eta bere betiko senargai formalarekin, Jainkoak agintzen duen bezala. Alkate zenaren jarrera bizkarroiarena da, eskirolarena bezalakoa, beste batzuen borrokaz konkistatutako eskubideak gozatu egiten ditu, duela hamar urte eskubide horien bertsuen aurka bozkatuko bazuen ere.

Ez naiz neu izango Marotoren ezkontza gaitzetsiko duenik, ezta horren kontura gustu txarreko txisterik aterako duenik ere, aitzitik, bejondeiela hari eta Joxemariri; baina jakin dezatela haiek eskubide hori baliatu dezaten beste batzuek borrokatu dutela haien aurretik. Egin dezala gogoeta auzapez ohi jaunak, eta ezteiagatik dagokion oporraldia gozatutakoan buelta dadila oraindik zapaldu ez duen Udaletxeko bere bulegora, dagoeneko 4600 euroko lau soldata kobratu baititu udaleko bere lantokira sekula azaldu gabe... eta ez greban egoteagatik, hain zuzen ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide