Betebehar sozialak

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2014ko mai. 28a, 10:15

Koldo Alzola

 

Aurreko baten zeharkako senide batek alabaren jaunartzerako gonbidapena helarazi zidan. Oso senide urruna zen, bestela, ateo militantea naizela jakiteko adina ezagutu izan banindu, ez zitzaion inolaz ere okurrituko elizkizunera gonbidatzea. Hortaz, harekin lotzen nauen familia harremana ahul samarra bada ere, tentuz jokatu behar dut haren gonbita ahalik eta modu adeitsuenean errefusatzeko.

 

Zintzo jokatuko banu, esango nioke ziur asko ez dela jainkorik, eta hobe dela geratzen zaigun bizitza apurra gozatzea balizko zeru baten esperoan bizitzea baino. Esango nioke jainkoa gizakiaren asmakizun bat dela gure existentziaren behin-behinekotasunak eragiten digun izuari aurre egin ahal izateko totem bat. Zehatzago Abraham izeneko eskizofreniko baten burutazioa dela esango nioke (edo Ibrahim, segun eta istorioa nork kontatzen dizun), ahots arrotz bat entzun zuela buru barruan eta semea labankadaz josteko agindu ziola, eta artean psikiatria asmatu gabea zenez, Jaungoiko izena jarri ziola gaixotasunak eragindako aluzinazio horri. Baina ez diot fede-krisialdirik eragin nahi senide urrun horri, hortaz, argumentazio mail apalagoa erabili beharko dut.

 

Orduan, jainkoa kolokan jarri ez, baina eliza katolikoaren jarduera baliatuko dut argudiotzat. Esango diot historian zehar elizak jainkoarenganako beldurra baliatu duela gizartea kontrolatzeko, bere botere estatusa bermatzeko, aberastasun materialak metatzeko eta jainkoaren beraren izenean egindako sarraskiak zuritzeko, eta ez dudala horrelako erakunde batekin zerikusirik eduki nahi. Tira, akaso argumentazio hau ere iraingarria suerta dakioke, beraz, jaitsiko dut gehiago argudiatze maila.

 

Argudio hobeagorik ezean, esango diot jainkoa eta elizaren zilegitasuna ez dizkiodala zalantzan jarriko, baina horrelako ospakizunen xahukeria eta kontsumismo itsua ez datozela bat kristau zintzo bati eskatzen zaion jokaera apal eta zuhurrarekin. Horrela, akaso, alabaren ilusioa zapuztuko nuke, eta hori ez da inolaz ere nire asmoa, beraz, inor ez mintzearren saihestuko dut konpromisoa aitzakiaren bat baliatuz. Esango diot hauteskunde-mahaiko kide izatea egokitu zaidala, eta ezin diodala betebehar horri uko egin... horrelaxe kitatuko dut kontua.

 

Gaur hauteskunde-mahaiko kide izendatu nauten dioen jakinarazpena jaso dut, eta inor ez mintzearren eta zigor-ondoriorik ez pairatzearren tentuz jokatu behar dut hauteskunde batzordearen gonbita ahalik eta modu adeitsuenean errefusatzeko.

 

Zintzo jokatuko banu esango nieke ziur asko ez dela demokraziarik; edo demokrazia balego ere, sistema kapitalista baten barruan sortzez baldintzatuta eta ustelduta legokeela demokrazia hori; edo lau urteko hauteskunde sistemak eta alderdien sistemak ez dutela inolaz ere bermatzen balizko demokrazia hori... baina ez diot inori fede-krisialdirik eragin nahi, hortaz, aitzakia bat baliatuz saihestuko dut betebeharra... senide baten alabaren jaunartzea dudala esango dut.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide