Arrazismoa auzotik at

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2014ko urt. 30a, 09:34

Koldo Alzola 

2013 urtea amaitzeaz batera zenbait eraso arrazista pairatu genituen Gasteizko Alde Zaharrean. Batean, ezezagun batzuek auzoko emakume musulmanen aurkako leloak zeramatzaten esku orriak zabaldu zituzten kolektibo hori bildu ohi den hainbat tokitan. Gustu txarreko irain arrazista eta matxistek ez zuten luzeegi iraun, ikusi zituen auzokideren batek berehala garbitu eta abisua eman baitzien Udaleko garbiketa zerbitzuei.

 

Handik astebetera-edo, SOS arrazakeria erakundeak Alde Zaharrean duen egoitzaren aurkako erasoa salatu zuen, eta azken egunetako oldarraldi arrazisten testuinguruan kokatu zuen. Erasook baina ezin dira hartu gertakari isolatutzat, ez dira alproja baten eroaldiaren emaitza, aitzitik, memento eta giro zehatz batean bazterrak nahastea helburu duten ekintza kalkulatuak dira. Eta memento eta testuinguru hori alkateak berak markatu du. Oldarraldi xenofoboak gertatu baino aste batzuk lehenago Javier Maroto sutara gasolina botatzen ibili zen. Orduan etorkinek gobernatutako negozioak jarri zituen jomugan. Lokutorio, txinatarren denda, kebab saltoki eta bestelakoen aurkako salbuespen neurriak iragarri zituen irizpide bakarra jabeen jatorria zuelarik. Hori, baina, ez da izan Udaleko buruaren okurrentzia bakarra, izan ere, behin baino gehiagotan utzi du agerian bere jarrera arrazista, besteak beste, Zaramaga auzoan meskita irekitzearen aurkako kanpaina burutu zuenean, edo gizarte laguntzak kobratzen dituztenen jatorriaz tokiz kanpoko komentarioak egin dituenean. Hori bai, arrazismoa eskuin muturreko iritzi publikoaren artean botoak harrapatzeko amu ezin hobea dela jakitun, horrelako adierazpenak hauteskunde giroa usaintzen denean egin ohi ditu beti auzapez eskuindarrak. Hortaz, alkatea bera behin eta berriz  kanpotik etorritako gure auzokideen kontrako susmo txarrak elikatzera dedikatzen bada, ez da harritzekoa adimen eskaseko bere jarraitzaileren batek testuinguru hori baliatzea anonimotasunean gordeta bizilagun horiek erasotzeko.

Baina oker zebiltzan ekintza horietako egileak zein erantzule intelektualak gure auzoan gorroto xenofoboaren hazia erein behar zutela uste bazuten, izan ere, kontrako efektua lortu dute. Erasook gertatu zirenetik ordu gutxitara auzuneko zenbait gizarte eragilek irainduekin bat egin,  oldarraldi arrazistak gaitzesteko manifestua adostu, eta mezu irmo bat helarazi zieten: jarrera arrazista, xenofobo eta sexista horiek ez dira ongi etorriak auzoan. Entzun bezate alkate jaunak eta bere delirio arrazisten jarraitzaileek, Alde Zaharra auzo anitza eta abegikorra da eta harro gaude horretaz. Gurekin jai daukazue!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide