DHMO: hiltzaile isila sukaldeko kanilan?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2016ko ots. 3a, 09:23

Zientzia-komunitatean zalapartarik ez zuen sortu. Ia oharkabean Journal of Clinical Pathology zientzia-aldizkari ezezagunean argitaratzen den ikerketa horietako bat. 2003an ezagutzera emandako ikerketa horrek, ordea, arrisku larri baten berri ematen zuen: dihidrogeno monoxidoa (DHMO, azido hidrikoa edo hidronio hidroxidoa, kimikariontzat) substantzia kimiko hilgarri eta hiltzailea da.

Ikerketaren berri ematen duen artikuluaren sarreran [1], D.J. Farrell eta L. Bowel ikertzaileek argi esan zuten: DHMOaren ondorioz hainbat eratara intoxika gaitezke eta, gainera, medikuntza-literaturan oso gutxi aztertu da. Dihidrogeno monoxidoaren albo-ondorioetako batzuk aipatzearren: zorabioa, goragalea, desorientazioa, hiponatremia... (eta gehiago izan litezke).

Aipatu berri dudan ikerketaren emaitzak argitaratu eta hiru urtera, hirietako ur-edangarriaren kanalizazioetan DHMOa aurkitu zuten. Horren harira, K. Kruszelnicki zientzia-dibulgatzaileak DHMOaren eta minbiziaren arteko loturaren berri eman zuen; izan ere, minbizi-zelulen zitoplasmaren %60-80 DHMOz osatuta dago. DHMO Research Division erakundearen arabera, ez dira gutxi substantzia kimiko toxiko horren ezaugarri kaltegarri eta toxikoak: euri azidoaren osagai nagusia da, berotegi-efektua areagotzen du, erredurak eragin ditzake tenperatura altuan dagoenean, higadura geologikoaren erantzulea da eta metalen korrosioa azeleratzen du, besteak beste.

Hori guztia ezaguna bada ere, produktu merkea denez industrian erabiltzen jarraitzen dute. Hirigintzako koloratzaileetan, pestiziden sakabanaketan, zentral nuklearretan, arma kimiko eta biologikoen manufakturan eta, jakina, elikagaien industrian ere erabiltzen da disolbatzaile eta gehigarri moduan. Industriak kostu ekonomikoa txikitu nahi du, baina, horrek guztia bidezko egiten ote du? 2014an, DHMOak eragindako bihotz-arritmiaren ondorioz bi gizon hil ziren Alemanian. Euskal Herrian ere badaude kasuak.

Edonola ere, AEBetako Ingurumenaren Babeserako Agentziak (EPA) DHMOaren aurkako txostenak argitaratzeari uko egin dio. Ban DHMO eta DHMO Research Division erakundeek albo ondorioak ezkutatzeko konspirazioa izan daitekeela ohartarazi dute. Europar Batasuneko araudiari dagokionez, Europako Batzordeak ez du dihidrogeno monoxidoa debekatuko (oraingoz). Eta Osasunaren Munduko Erakundea? Isilik. Eta Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentzia? Isiltasun baieslea: substantzia minbizi-sortzaileen sailkapena egin zuten, eta DHMOa ez dago kartzinogenoak ez diren subtantzien taldean. DHMOa leku guztietan dago: mendiko arropan, Txinako goi mendietan, Antartikan... hemendik aurrera, maite duzuena kutsatzen ez jarraitzeko, bila ezazue DHMO Free mezua.

 

Ohar garrantzitsua (disclaimer)

 

Dihidrogeno monoxidoa (azido hidrikoa, hidronio hidroxidoa edo DHMO) ez da substantzia arriskutsua, baina, beste izen batekin ezagutzen duzu... ura. Artikulu honetan aipatzen den guztia, nolabait, egia da (datuak, albisteak, erakundeak, ikerketak...), baina, modu sentsazionalistan idatzita dago. DHMOari buruzko adarjotze hau 1983an argitaratu zen lehen aldiz, Durand Express egunkarian. Harrezkero hainbat tokitan erabili da (ALEArako nire ikutua eman diot), eta hauxe erakustea du helburu: kultura zientifikorik gabe, erraza da beldurrean oinarritutako ideia zentzugabeak zabaltzea. Argudio zientifikoak manipulatzea, ezkutatzea eta gaizki erabiltzea ez da zaila. Izan dezagun zentzu kritikoa.

Josu Lopez-Gazpio naiz, irakasle, ikertzaile eta zientzia-dibulgatzailea, eta hemen irakur ditzakezu nire beste artikulu batzuk.

 

[1] D.J. Farrell, L. Bowel, Journal of Clinical Pathology, 56, 803-804, 2003.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide