"Geratuko da"

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2016ko urr. 21a, 15:32

"Mendebaldeko bidaiariontzat egokitutako tren txukunetan ez da entzuten biraderetako kirrinkarik".

Aurreko astean Ciudad Juarezen Aldeko Idazleek bosgarren urtez eginiko deialdiari kasu eginez, hainbat lagun bildu ginen elkartasunezko irakurketak egiten. Helburua, munduan milioika lagunek  jasotzen duten bortizkeriaz jabetzea eta honen inguruko isiltasuna haustea. Gasteizeko ekimenean, urruneko oroitzapenetara eraman ninduen Armando Corveillen Parará Papá poemak. 

Gogoratzen duzue haurtzaroko lelo hura? Parará, papá, parará? Parará, Pachín, parará. Geuk algara bizian kantatzen genuen gure aitarekin, Bermeotik Gernikara ibilbidea zuen trenean, geltoki bakoitzera iritsi baino lehen. Busturialdeko aldapa igarotzean egiten zuen kirrinkaren erritmoari jarraituz, hauxe ere kantatzen genuen ere: esta-cuesta-cuesta-mucho. Baina Corveille ez da trenez ari: indarkeria, feminizidioa, hilketak, gerrak, gehiegikeriak, ustelkeriak, lapurretak, mendekotasunak, kontzentrazio-esparruak eta abar, desagertuko ote diren, ea behingoz bertan behera geratuko ote diren galdetzen du idazleak.

Aste honetan, beste bidai bat dokumentatzen duen filma ikusi dut. Astral. Errefuxiatuen drama itzela Mediterraneoan. Jasan ezina den aldapa hiltzaile izugarria. 

Gaur egun, mendebaldeko bidaiariontzat egokituriko tren txukunetan ez da entzuten biraderetako kirrinkarik, binbiliketarik ezta balaztaren oihurik eta ahaztu dugu aitarekin batera kantatzen genuen lelo hura.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide