Je suis Florence

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2016ko api. 21a, 10:43

"76 urte zituela debutatu zuen Carnegie Hall gorenean"

Egunkariko gehigarrian irakurri nuen estreinatuko dela filma bat Florence Foster andereari buruz. Normalean, izenburuarekin nahikoa izango nukeen eta ez nioke albisteari garrantzi gehiagorik emango baina Foster anderea operako kantanterik txarrena omen zenez, irakurtzen jarraitu nuen. G-z hasten den aurkitzaileari esker, emakume xelebre honi buruzko xehetasun gehiago jakin dut.

Berak grabatutako ariak entzutera animatzen zaituztet eta egiaztatuko duzue zuok ere XIX. mendeko friki bat zela. Itxuran bakarrik, zeren eta ez zen konformatu Pennsylvaniako saloi burgesetan pianoa jotzeko zuen trebetasuna erakustearekin, eta 17 urterekin etxetik alde egin zuen sosik gabe. Laster pianoa jotzeari utzi behar izan zion bere senarrak kutsatutako sifilisak besoa elbarrituta utzi ziolako. Une gogorretatik garaile irteteko gaitasuna erakutsi zuen Florencek eta buru-belarri jarri zen kantuan honetarako inolako gaitasunik ez bazuen ere. 32 urte iraun zuen emanaldiak egiten eta 76 urte zituela debutatu zuen Carnegie Hall gorenean. Ez al da hori erresilientzia?

Ez al duzu inoiz zerbait lortzeko gogo bizia izan, burutik eta gorputzetik kendu ezina, kemena eta ilusio osoa jartzen duzula, gainontzeko guztia albo batera utzita nahiz eta jakin ez dagokizula, ez duzula inoiz eskuratuko? Nik bai. Eta hala ere eusten diot maitasun osoz, ergeltasun osoz, erremediorik gabe. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide