WC

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2016ko mai. 6a, 14:12
Gasteizko eraztun berdea. / Saioa Fdz de Aranguiz

"Pixa kalean egitera behartuta gaude, ez dugu beste aukerarik"

Paseatzea, ibiltzea, maite dugunontzat hiri zoragarria da Gasteiz. Ukaezina da hori. Bi ibilbide kuttun ditut. Batak Salburua eta Adurtza lotzen ditu, Errekaleor eta Olarizu igarota. Eraztun Berdea delakoaren seinaleei jarraitu behar zaie, besterik ez. Bestea klasikoagoa da. Florida parkean hasi, La Sendan gora egin, Mendizorrotza igaro, Armentiako basoan sartu, eta buelta Armentiara.

Egarri izanez gero, ez dago arazorik. Ibilbide bietan aurkituko duzue iturriren bat. Baina... pixagura izanez gero? Orduan, bai, komeriak! Izan ere, ez dago komun publiko bakar bat ere. Beno, Ajuria Enea igarota, Batan pasealekua hasten den tokian, badago bat, baina ezin da erabili. Hau da, 20 zentimo sartuta ireki egiten dela dio hango kartelak, baina komuna izorratuta dago. Hortaz, tabernaren batera sartzera edo pixa kalean egitera behartuta gaude, ez dugu beste aukerarik. Eta niri, behintzat, amorru handia ematen didate biek. Ustez perfektua den paseoa izorratu egiten zaigu. Sasi artean ezkutatzen ibili beharra ez da atsegina, eta gogorik gabe edateko zerbait eskatzen ibili beha- rra ere ez dut gustuko. Hortaz, Gasteiz ingurumenaren aldetik eredugarria dela dioten horiei guztiei zera eskatu nahi diet: jar ezazue, mesedez, komun publikoren bat aipatutako tokietan. Ez naiz txoko horietatik paseatzen duen bakarra, eta eskertuko dizuegu, bai horixe. Eraztun Berdea ideia bikaina da, baina komunik gabe hankamotz dago. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide