Kontzeptu gisa

Erabiltzailearen aurpegia

"Omenaldiak bukatutako zerbaiten gainean egiten dira..."

Ba bai, omenalditxo bat antolatzen ibili gara. Norbaiti omenaldia egingo zaiola esaten badizuet, pertsona hori hil osteko ekitaldia laudoriotzailea etorriko zaizue burura, ezta? Errespetutik eta maitasunetik abiatutako ekitaldiak izaten badira ere, ekitaldi deserosoak bihurtu daitezke, halakoak antolatzen hasi orduko "gogo oneko" ahotsak agertuko baitira: "urliari ez zitzaion egin, sandiarenera alkatea etorri zen, zer egin du ba berendiak omenaldia merezi izateko?".

Omenaldiak gainera bukatutako zerbaiten gainean egiten dira, ekimen zehatzak edo bizitza oso bateko lanak, ildoak, ibilbidea gogoratu eta ospatzeko. Hiztegietan omenaldi hitzarekin batera gorazarre agertzen zaigu, laudorioak, lausenguak eta hitz positiboak ekartzen dizkigute gogora, besteak beste. 

Baina gure kasua berezia da: pertsona baten ekimena medio jarduera bat luzaroan egon da martxan eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu eta baita aurrera jarraitzeko animoak eman ere. Ze motako ekitaldia antolatuko dugu, omenaldia da hau ere? Goian aipatutakoaren arabera, garaia ez da amaitu, proiektua ere ez da amaitu eta gainera aurrera begirako borondatea erakutsi nahi da, beraz "omenaldia" kontzeptualki hankamotz gelditzen zait. 

Twitterren ibiltzen bazarete, inoiz ikusiko zenuten #kontzeptugisa traola, txioan adierazi dena kontzeptu berri gisa azpimarratzeko erabili ohi da. Beraz, zuen baimenarekin, gure ekitaldia kontzeptualizatuko dut: omenaldi aitzinaratzailea #kontzeptugisa.

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide