Beste mundu bat

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2015ko urr. 30a, 01:00

Mutil eder bat traje beltza janzten. Neska eder bat soineko gorri zoragarri batekin. Etxe aberatsa ate beltzekoa. Antzerako etxea ate gorriduna. Mutilak auto vintage kabriolet beltzera salto egiten du. Neska auto gorri berdintsuan sartzen da. Mutila festara iritsi da. Neska bere atzetik sartu eta begiratu sentsuala bota dio. Neska –soineko gorri zoragarri arina airean duela– teilatura igo da, hiriko gaueko  argiak atzean dituela, mutila hurbiltzen zaio. Besarkada". Iragarki bat da bai, eta liluratuta nauka. Ez dakit zer den, baina nigan sekulako eragin onirikoa dauka.

Itzarrik amestearen beharrezkotasuna aldarrikatu nahi dut gaurkoan, are gehiago, amets egitearen efektu profilaktiko eta osasuntsua. Urrundu zaitez zure ingurutik eta emaiozu tregoa zeure gogoari, segundo gutxi batzuk nahikoak dira. Ez dut maiuskulako Ametsak esan nahi, ez dira zure bizitza mugitzen duten nahi, xede, gurari edo utopia horiek, ez, amets erraxagoak, txikiagoak, gertuagokoak dira nik proposatzen dizkizudanak. Abiatu inguruan duzun horretatik eta asmatu ezazu zure "pelikula".

 

Hainbeste arazo, eginbehar, ordutegi eta bestelako lastreekin, gure gogoari libertimendu apur bat eman behar zaio, giharrei kirola bezala, buruari imaginazioa eta horretan aritzeko denbora apur bat. Ezin dizuet esan nola egin, ezta zer amestu ere... orain bertan teklatuko letrak ere ez ditut ikusten, badoa nire burua, kabriolet beltza ziztu bizian gidatzen.

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide