Ikasi bozkatzen

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Larrañaga 2015ko abe. 10a, 01:00

Albiste ona. Galdeketak antolatuko ditu Gasteizko Udalak, herritarren iritzia jaso eta horren araberako erabakiak hartzeko. Araudi zirriborro baten gainean lan egiten ari dira udal taldeak, Donostiakoa aintzat hartuta. Elkarteen parte hartzean sakondu baino lehen, eta behin betiko araudi gabe, galdegai bila presaka hasi dira zinegotzi batzuk.

 

Zezenketak bai, zezenketak ez. Hori da udalbatzak bere egin duen lehenbiziko afera, PSEk proposatu eta EH Bilduren babesarekin aurrera aterata. Deigarria da galdeketen gaia plazaratzeko orduan, originaltasun falta. Badakit galdeketa antolatzea ez dela sormenaren jaia, baina bitxia da auzi honek zenbateraino erakartzen duen.

 

Zeri buruz erabaki ahal dugun da hurrengo galdera. Ezin baitugu itxuraz Iberdrolako zikoitzekin kontraturik eten. Alferrik dugu Araka-ko okupazio militarraren kontra bozkatu. Inondik inora ere ez dute Katedral Berria gizarte etxe bihurtuko. Tranbia Zabalganara luzatzea ere Jaurlaritzari dagokio. Zeri buruz erabaki ahal eta nahi dugu beraz gasteiztarrok? Abuztuko jaien egutegia? Errekaleorren etorkizuna? Batalla de Vitoria monumentua? Jakingo ote dugu tresna hau ganoraz erabiltzen eztabaida antzutan luzatu gabe? Galdeketa baten zurrunbiloa kudeatzen ikasteko behar gorria daukagu. Zezenketena, hasteko, ez da ideia txarra ere, pentsatu nuen. Irabaziko Fernandez zinegotziak kontra bozkatu zuen arte: “Animalien eskubideak ez dira bozkatzen. Bete egiten dira”. Kontxo!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide