Enrike Solinis

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2020ko ira. 11a, 11:10
'Elkano' ikuskizuna. / Euskal Barrokensemble

"Solinis eta Euskal Barrokensemble Gasteizen entzuteko aukera izango dugu ostiral honetan"

Ez da ohikoa hedabideetan antzinako musikan aditua den musikaria topatzea. Gaurkoan hala duzue, Enrike Solinis eta hark sortutako Euskal Barrokensemble taldea baitugu protagonista.

Enrike Solinis Bilbon jaio zen 1974an, eta han egin zituen gitarra eta antzinako musikako goi-mailako ikasketak, Bartzelonarekin uztartuta. Kultura desberdinetako soinuekiko interesak eta berezkoa duen ikasteko grinak bere belaunaldiko musikari interesgarrienetako eta bertutetsuenetako bat izatera bultzatu du. Horri esker, nazioarte mailako hainbat talde garrantzitsutan aritu izan da, Jordi Savallek zuzentzen duen Hesperion XXIen edo Akademie für Alte Musik Berlin ospetsuan kasu. 2006. urtea zen, buruan bueltaka zebilzkion ideia guztiak askatu ahal izateko, Euskal Barrokensemble arrakastatsua sortu zuenean.

Bi dira egunotan Euskal Barrokensemble albiste izateko arrazoiak. Omnia Vincit Amor (maitasunak dena garaitzen du) disko berria formatu digitalean argitaratzegatik, eta Arabako Antzinako Musika Astean parte hartzeagatik.

Duela bost urte inguru, Rocio Marquez, egungo flamenko ahots txalotuenetako bat, Sevillako Sputnik estudioetan elkartu zen Solinis eta bere kideekin Espainiako musika popularraren berrinterpretazioan oinarritutako proiektu bat grabatzeko. Oinarria, Manuel de Fallaren El Amor Brujo zuen, baina bazegoen tartea ere, besteak beste, Rodrigo maisuaren Aranjuezeko Kontzertuko pasarteentzat edota Burgosko jota batentzat (bitxiki, gero Carlos Saurak Jota filmean erabiliko zuena). Grabazio saio gogor haien fruitua, batek daki zein arrazoirengatik, kaxoi batean gordeta geratu zen. Hala, proiektuak Maria Jose Perezen ahotsarekin egin zuen aurrera, eta emaitza Alia Vox diskoetxeak 2017an argitaratutako El Amor Brujo - Esencias de la música de Manuel de Falla disko ederra izan zen. Orain, pandemiak burumakur gaituen garai honetan, Rocio Marquezekin eginiko grabazio haiek berreskuratu eta gutxienez plataforma digitalen bitartez entzungai jartzea erabaki dute.

Arabako Antzinako Musikaren XXXVIII. Astea ospatzen ari den honetan, Enrike Solinis eta Euskal Barrokensemble Gasteizen entzuteko aukera izango dugu ostiralean, hilaren 11n. Aitzakia ezin hobea barroko garaiko tresnez sorturiko musikaz euskal ondare artistiko eta kulturala ezagutu ahal izateko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide