Urte berriaren miraria

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2016ko urt. 18a, 10:06
Irudia: Jon Gil

Topikoak topiko, egi ukagaitza da urte berria hastearekin batera, hamaika asmo eta desio eraikitzen ditugula, iritsi den urteak beteko dizkigula sinestaraziz geure burua.

Helmugak, gainera, betikoak: erretzeari utzi, kirolari eman, harreman galduak berreskuratu, maitasunaren paradisua ezagutu, lan eremuan mailaz igo, egungo gizarteak eskatzen eta behartzen duen itxura fisikoa lortu, orain arte ikasi ez duguna ikasten hasi… Ezer berririk ez kostaldean.

Ez dago zalantzarik horiek guztiak hobe beharrez egiten ditugula, fede on guztiarekin eta egi bihurtuko diren esperantzarekin. Ados. Halaber, oraindik ba al dago hori zinez gertatuko dela uste duenik? Ez da nire asmoa inor gogogabetzea, baina bada ordua konturatzeko ezin ditugula geroan oinarritu gure nahiak, eta are gutxiago urte berriaren mirarian. Ohituta gaude, zoritxarrez, gure bizitza errotik aldatuko duten erabakiak gugandik kanpo uzten, beti bihar eta beti beste baten erantzukizunpean. Gaur eta guk geuk, hori besterik ez dugu behar gure zoriaren itzulbidea eragiteko.

Finean, egutegian urtea aldatzeak ez du gure egunerokotasuna eta etorkizun hurbila aldatuko, eta sinpletasun horretaz ohartzea soilik, bada aurrerapauso handia. Hori ulertzen dugun momentuan bakarrik izango gara gai gure bidean dauden harriak lore bilakatzeko, atsegin ez ditugunak aldatzen saiatzeko, gozatutakoak errepikatzeko, isildutakoak esateko edota ordura arte egin gabekoei ekiteko.

Urte berriaren mirariaren zain zaudetenoi: ez ezazue patuaren esku utzi zuen ardurapean dagoen hori.  

Urte berri on!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide