Ironiaren gailurrean

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2015ko uzt. 30a, 02:00

Zutabe hau idazteko fikziozko egoera baten bila nindoan, benetako pasadizo lazgarri bat bizi nuen arte. Duela pare bat aste, gehiago ez. Astegun buruzuria Andra Mari zuriaren plazan. Eguraldi ederra lagun (eta konpainia ezin hobean), kafetegi baten terrazan eman nuen arratsalde erdi, freskagarriaren izotz guztiak urtu ziren arte. Halako batean, emakume behartsu eta atsegin bat hurbildu zitzaigun diru eske. Txanpon bat eman genion eta irribarre zabala eskaini zigun trukean.

Mahairik mahai jarraitu zuen eskean. Gure ezkerraldean eserita zeudenek ere eman zioten zerbait. Bi mahai harago zegoenak, aldiz, nazka aurpegia eta ezezko borobila eman zioten, limosna gisa, emakumeari. Bakoitzak egin dezala nahi duena, hor ez daukat nik ezer esateko eskubiderik. Ironia, baina, hogei bat segundo beranduago iritsi zen, tontorreraino, gailurreraino; eskaleari ezezkoa eman ostean, gure mahaira hurbildu zenean, su eske. Pizgailua bistan neukan, beraz, ezin ezetz esan. Berak ere ez zuen  inondik inora ere espero nik ezetz esaterik. Eskerrik ere eman gabe bueltatu zen bere lekura.

 

Bizitzaren bitxikeriak horiek. Gaur egun gutxi dira musu-truk ematen ditugunak, beraz, eskuzabaltasun apur bat ez legoke soberan, besterik ez bada, guk geuk ere ez dakigulako noiz beharko dugun besteen laguntza eta sostengua.

 

Ikasi dugu eskatzen. Ez, ordea, ematen.

 

Testua: Haizea Galarraga

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide