Din-dan-don

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2012ko abe. 24a, 01:00

Haizea Galarraga

Irudia: Jon Gil

 

Din-dan-don, din-dan-don, Eguberri On! Ezinezko zaigu Gabonak gainean ditugula ahaztea. Egunero, orduro eta minuturo gogorarazten digute Gabon Gaua heltzear dagoela: argiz apainduriko  kaleak, jostailuz hornituriko dendak, iragarkien bonbardaketa telebistan… Eta hala ere, depresioan erortzeko arriskurik handiena Gabonetan dagoela baieztatzen dute ikerketa zientifiko anitzek. Kontraesankorra guztiz. Ardi-larruz estalduriko otsoaren parekoa dela ere esan dezakegu: antzaz, jaiegun zoriontsuak eta errealitatean, tristurak harrapatzen gaituen hilabetea.

Guzti horren artean, gure Olentzero desiratua. Aurten, ordea, ez da tripontzia. Olentzero argaldu omen da azken bolada honetan: kapoi-arrautzarik ez du jango, ezta ardorik edango ere. Urteroko abestia aldatu beharrean gaude, Olentzero ere krisian baitago.

Olentzero joan zaigu 

INEM ilarara 

intentzioarekin 

lana topatzera. 

Aditu duanian, 

Jesus jaio dala

lasterka etorri da, 

mirari eskatzera.

Horra horra, 

gure Olentzero! 

pipa hortzetan duela, 

eserita dago. 

Fakturak ere baditu, 

ordaindu ezinik, 

bihar meriendatzeko 

ez du aukerarik. (bis) 

Olentzero, Buru handia, 

entendimentuz jantzia. 

Penaz josita 

bizi omen da, 

hori bai dela larria, 

hau krisialdi handia! 

TRALALALALA

TRALALALALA...  

Guzti horren errua baina, gurea da. Nork sinestarazi die umeei Gabonetako opariak arau/lege urraezin direla? Guk. Nork eman dio jai-egun erlijiosoari esanahi materiala? Guk. Nork…? GUK.


Din-Dan-Don-(2)Eta orain, urtean zehar portaera bikaina izan duten ume askok ez dute oparirik jasoko. Zer esango diegu? Gaizki portatu direla eta hori dela haien zigorra? Ea ba, zein aitzakia aurkitzen dugun! Tik-tak, tik-tak, denbora bukatzear dago.


Din-dan-don, din-dan-don, eguberri on! (Edo txar)


(Guzti hau idatzi ostean, ni ere bihurtu naiz Gabonetako biktima berri bat, Eguberria iritsi baino egun bat lehenago ari bainaiz horren inguruan hitz egiten, idazten. Erori naiz Gabonetako din-dan-don gurpilean, eta orain, berandu da hori ekiditeko. Hurrengo urtean, beharbada.)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide