Ganbarako hilerria

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2012ko aza. 15a, 08:59

Haizea Galarraga

Irudia: Jon Gil

 

Heriotza zigorrera kondenatu naute 50 bat urte ditudala (50 urte oraindik edo 50 jada, erlatiboa baita). Giltza sarrailean eta ate herdoildua irekitzear. Hurbil dago iluntasuna, oso hurbil, hurbilegi, alegia. Asko dut esateko, nire hitzek lau haizetara zabaltzen nahi dute jarraitu, ahalik eta lasterren lurperatu nahi naute, ordea. Ganbarako bidean nago, eskaileraren gailurrean”. (Heriotzaren atarira eraman berri duten edozein liburu zaharren testigantza izan liteke hori, hil aurretiko azken hitzak. Ganbaran bego.)

Ganbara da liburu zaharren hilerria. Eta guk, eraile madarikatuok, zaharra den oro gutxiesten dugu, edertasuna bertan aurki daitekeela ohartu ere egin gabe. Zaharraren, aitzinakoaren, aspaldikoaren, adindunaren xarma antzeman ezin duena, hori bai hori zoritxarrekoa! Eta bitartean, nostalgia.


Desagertzear dauden lumaz idatziriko hitzak, nahigabe eroritako tinta beltz tantak, paper higatuak (horituak, gainera), ertz erdi ustelduak…Berriro ere, nostalgia. Deskribaezina den usaia eta orriak dantzaraztean sortzen den soinu lasaigarria, olatuen joan-etorriarekin alderagarria. Leuntasuna, laztantzera gonbidatzen duen azala (eta kontrazala).


haizeaGanbarako-hilerriaLiburuek bi istorio (eta historia) eskaintzen dizkigute aldi berean; idazleak idatzitakoa (begi-bistakoa) eta irakurle bakoitzak utzitako aztarna: papera busti zuen haren malkoak, beste haren hatz-izerdia, bestearen txistu arrastoa beheko eskuin ertzean…


Urteetan zehar eskuz esku bidaiatu duen liburua, trukaketen lekuko izan dena, aitonaren txabolan kainaberen artean agertu zena duela hogei urte, amaren almoadapean duela hamar, nire besapean duela bost , eta bigarren eskuko liburu azokan iaz. Hori guztia hiltzear dago gaur, berriak eta aurrerapenak eten baitu liburu zaharraren azken arnasa. Ez dut, ordea, inor lutoz ikusten. Beste behin, nostalgia.


Aspaldiko liburuen eskubideen aldeko manifestaziorik ez, ezta liburuen erailketan errudunik kartzelan ere. Liburuen bizi-itxaropena luzatzeko botikarik ere ez du sortu zientziak. Kontzientzia zikin izan beharko genuke: nik, zuk, hark, guk, zuek, haiek: denok. Ezer egin gabe (pentsatu, sentitu, ukitu, ikusi, usaindu, entzun, dastatu…) orduak xahutzen ditugun bitartean, milaka liburu zahar hil eta lurperatzen dituzte ganbara ilunetan. Eta nik, ganbarako giltza bota dut zakarretara; ez baitut nigandik hurbil, nire ganbaran, libururik hiltzerik nahi. Azkenik: nostalgia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide