Euskalaka2019

EUSKALAKA udalekua martxan da

Erabiltzailearen aurpegia
Espejoko aterpetxea (irudia: araba.eus)

Astelehenean emango dio hasiera Arabako 60 gaztetxorekin batera Euskalakak. Aurten, lehenengo aldiz elkarte baten kudeaketa lana egongo da Arabako Foru Aldundiak antolatutako udaleku hauen atzean, GEU elkartearena hain zuzen.

Euskalaka, Udalekuak programaren barruan kokatzen da, eta Arabako Foru Aldundiko Gaztedia sailak antolatu ditu. Udalekuak jolas eta hezkuntza programa bat da eta xede nagusiak parte hartzaileei joko eta aisialdi gune bat eskaintzea, natura eta kultura ingurunera hurbiltzea eta euskararen erabilera eta berdintasun jarrerak sustatzea dira, besteak beste. 

Bada, aurten lehenengo aldiz GEU Gasteiz elkarteak kudeatuko ditu udalekuak. Arabako 12-13 urte bitarteko 60 gaztek parte hartuko dute eta Espejoko aterpetxean bilduko dira uztailaren 26tik 31ra bitartean. Euskara & Komunikazioa izango dute ardatz nagusi eta ekintzaz beteriko egitarau parte hartzaileaz gozatzeko aukera izango dute: irteerak, bisitak, lantegiak, jolasak, grabazioak...

Euskalaka martxan jartzeko GEU elkartea, inguruko eragile desberdinekin elkarlanean aritu da: Garaion, ALEA, Txepetxa, Arabako Bertsozale Elkartea, Bibat kartoi tailer diseinua, Ebete hizkuntza zerbitzuak eta abar.

Gazteek egunero alea.eus-en albiste bat, bideo bat... igotzeko aukera izango dute eta alea.eus/bereziak/euskalaka2019 atalean ikusgai egongo dira.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide