Egoismo kolektiboa

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2016ko eka. 10a, 11:45
Norbert Hofer FPÖ alderdi ultraeskuindarreko ordezkariaren kartela.

"Haserre eza da arazoaren zati bat, haserre eza hainbat egoeraren aurrean".

 

Ultraeskuindarren alderdiak ia-ia irabazi zituen Austriako hauteskundeak maiatzean. Alarmak piztu ziren bozketen ondoko egunetan demokraziaren balioak aldarrikatzen dituen kontinentean. Xenofobia gorako bidean dabil Europan, indartsu eta etengabe, malda nekoso barik. Gorako bidean dira, era berean, zenbait lekutan batzuen aginduz eta bestetzuen eskuz altxatzen ari diren lotsaren harresiak. Negargarria, panorama.

Hor-hemenka irakurri ditudan analisien arabera, Europan gertatzen ari den xenofobiaren igoeraren hiru faktore nagusi daude: errefuxiatuen gaia, betiko alderdien gainbehera eta klase ertainaren haserrea. Lehen biak arrazoi posibletzat ikusteko prest nago; hirugarrena, ordea, ez. Ez naiz soziologoa, ez aditua auzi konplexu horietan, baina Europako klase ertaina mugitzen duena ez zait preseski haserrea iruditzen. Hain zuzen ere, kasik kontrakoa esatera ausartuko nintzateke: haserre eza da arazoaren zati bat, Europako klase ertainaren –gure– haserre eza hainbat egoeraren aurrean.

Izan ere, sentimendu aktiboa da haserrea, pertsona(k) nolabait mugiarazten d(it)uena. Haserrearen bi adibide emate aldera, suminduen kontzientzia piztu zen duela urte batzuk M15 mugimenduan eta ernegu nabariak sumatzen dira futbol zelaietan ia partida bat jokatzen den aldiro.

Horrenbestez, haserrea ez da klase ertaina mugitzen gaituen sentimendua, oximoron bat baizik: egoismo kolektiboa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide