Mendizorrotza eraberritzeko proposamena aurkeztu du Alavesek

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko abe. 19a, 16:18
Alavesek Mendizorrotza berriaren proiektua aurkeztu du.

Estadioa bera berritzeaz gain, kirol hiria eta jokalarientzako egoitza eraikitzea proposatu du klublak. 32.000 lagunentzako tokia izango luke.

Deportivo Alavesek Mendizorrotzaren berrikuntza proposatu du, bere webgunean iragarri bezala. Taldeak bizi duen belaunaldi berriagatik estadioa zaharberritu nahi du klubak. Guztira 32.000 lagun bertan sartzea aurreikusten du klubak. Mendizorrotza eraberritzeaz gain, kirol hiria eta jokalarien egoitza eraikitzea aurreikusten du proiektuak. Dato kalean jarri dute proposatutako estadioaren maketa, herritarrek proiektuaren nondik norakoak ikus dezaten.

Guztira, 50 milioi euro inguruko kostua izango luke obrak, izan ere, momentuz klubaren proposamena da, Udalak ez baitu datorren urterako aurrekontuen zirriborroan lan hauek aurrera eramateko partidarik.

Futbolak eragindako aukera ekonomikoak aprobetxatu nahi dituela azpimarratu du klubak, hala nola, Lehenengo Mailak erakartzen duen kirol-turismoa sendotzea, kirolez kanpoko ekitaldiak barne hartzea, enpresak erakartzea eta lanpostuak sortzea.

"Gasteiz eta Arabarentzako proiektua"

Mendizorrotza berria "Gasteiz eta Arabarentzako proiektua dela" nabarmendu du Alaveseko presidente Josean Querejetak. Azaldu duenez, hirian eragin zuzena izango du. 

Sortu zenetik 100 urte beteko ditu klubak, 2021. urtean, eta urte horretarako amaitu nahi dituzte estadioa berritzeko lanak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide