Adingabekoei buruzko berrien "etika eza" salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko abe. 14a, 12:23
Gaur goizean egindako agerraldia.

Hiriko zenbait kazetarik eta eragilek "kode deontologikoa eta kazetaritza etika profesionala betetzeko" eskatu diete hedabideei.

Gasteizko hainbat kazetarik, kazetaritza irakaslek eta Eskubide Sozialen plataformak Aldundiaren zaintzapean dauden adingabekoei eragiten dien ustezko prostituzio kasuaren inguruan zabaldutako informazioaren trataera salatu dute. "Kode deontologiko profesionala betetzeko" eskatu diete komunikabideei, "biktima guztien babesa bermatzeko".

Adingabekoen irudi, ohore eta datuen babeserako eskubideak urratzen ari direla salatu dute. "Beraien etxebizitzaren atean kamera egoteak eta kazetari batzuen jazarpena pairatzeak adingabekoen segurtasun-gabezia sentsazioa eta babes eza areagotu egiten dituzte", aipatu dute dute goizean egindako agerraldian.

Horrez gain, gertakari hauen azalpenean eta sumario-sekretuaren derrigorrezko errespetuan eman den "zorroztasun falta" kritikatu dute. "Informazio guztiak ez datoz bat gertatutakoarekin, eta, hainbatetan, hauek beste batzuetan izandakoekin nahastu dira. Datu faltsu hauek Gizarte Zerbitzuen erabiltzaile oro estigmatizatzen dute". Kasu honetan, ustez nahastutako delitugileei buruz hitz egiteko "bezero" hitzaren erabilera agerian utzi nahi izan dute. "Gertakizunari buruzko begirada okerra sortzeaz gain iritzi publikoan arduren eragina gutxitzen du".

Sinatzaileen artean arlo ezberdineko profesionalak daude, hala nola, Gasteizko Giza Eskubideen aldeko plataforma (PDS); zenbait kazetari, tartean Pilar Ruiz de Larrea, Ricardo Guerra, Jon Rejado, Amaia Villanueva, Aritz Mtz. de Luna, Amparo Lasheras, Txaro Idokilis eta Fabiola Barranco; Txema Ramírez de la Piscina, Kazetaritzan doktorea eta EHUko irakaslea; eta Haurtzaroaren babesaren inguruan lan egiten duten profesionalak, psikoterapeutak eta psikologoak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide