alea.eus

Ardoarabak orain arteko ediziorik luzeena eskainiko du

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016-12-05 10:01   Kultura

Abenduaren 3tik 11ra luzatuko da eta berrikuntzarik nabariena azaldutako ardo-dastatzeak izango dira.

Ardoarabak orain arteko ediziorik luzeena eskainiko du
Ardoarabako Txoko gastronomikoa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ardoaraba azokaren egitaraua aurkeztu dute gaur. Aurtengoa orain arteko ediziorik luzeena izango da, izan ere, abenduaren 3tik 11ra bitartean luzatuko da. Karpak, aldiz, abenduaren 5etik aurrera jarriko dituzte. Izan ere, aurten, parte hartzen duten ostalaritza-establezimenduek txartelak onartuko dituzte karpak irekita egongo diren lau egunetatik kanpo ere. Gainera, 2016ko edizioan azaldutako dastatzeak eskainiko dituzte berrikuntza gisa, eta alderdi turistikoa sustatuko dute, karpen ordutegiak aldatuz eta bidaia eta hoteleko egonaldia batzen dituzten paketeak hobetuz.

Abenduaren 3an jarriko dira salgai txeketegiak informazio etxoletan (San Frantzisko kalean eta Urrezko Zeledonen plazan), eta egun horretatik aurrera erabili ahalko dira Ardoaraban parte hartzen duten establezimenduetan. Karpak hilaren 5era arte irekiko ez badira ere, aurreko eta ondorengo asteburuetan ardo arabarrak dastatu ahalko dira 83 taberna eta jatetxetan.

Lau karpa, 24 upeltegi

Bestetik, lau karpa handi instalatuko dituzte, leku hauetan: Bastiturri kalea, Probintzia plaza, Aihotz plaza, eta Foru plaza. Arabako Errioxako eta Arabako Txakolineko 24 upeltegi izango dira bertan, lau jatorri izendapen, hiru ardo eta likore gonbidatu, bederatzi pintxo-saltoki, eta bi stand berezi (Aialatour eta Gatz Harana). Aurtengo edizioan lehen aldiz hiriko Ostalaritza eskoletako ikasleak arituko dira bertako produktuak prestatzen.

Karpen goizeko ordutegia aldatu egingo da: ordu erdi beranduago irekiko dira, 12:30ean, eta 14:30ean itxi ordez 15:00etan itxiko dira.

Berrikuntzak

Berrikuntzen arteko nabarmenena azaldutako ardo-dastatzeak izango dira: ardogileek emango dituzte azalpenak, horretarako prestatutako pintxoek lagunduta. Karpak ireki aurreko eta ondorengo asteburuetan egingo dira: 10 euroren truke, Arabako Errioxako hiru ardo ezberdin eta hiru pintxo hartu ahalko dira. Hamar establezimenduk hartuko dute parte ekimenean.

Txoko Gastronomikoa ere nabarmendu beharra dago. Iaz sortu zen eta harrera ona izan zuenez berriro antolatu da: feria osoan zehar karpa bat jarriko da kalitateko euskal produktuak ezagutarazteko. Foru plazan jarriko da, abenduaren 6, 7 eta 8an, eta guztira hamasei jarduera eskainiko dira: goizez, haurrentzat, eta arratsaldez, helduentzat.

Azkenik, 20 txeketegi zozketatuko dira saltoki txikietako bezeroen artean, eta euroko deskontua egingo zaie txeketegia eskuratzean Ardoaraba egiten den egunetan hiriko dendetan erosten dutenei. Azkenik, abenduaren 3tik 11ra arte, Haurrentzako txokoa (puzgarriak, jolasak eta jauzi-zona) jarriko da Andre Maria Zuriaren plazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa