Pendulu-ordua

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2015ko mar. 30a, 02:00

David Mangana

 

Ez nintzen historia-ikasle ona izan. Eskola haiek gogoratzean, feudalismoari buruzko krokis horiek dira lehen agertzen direnak. Beti gainetik zeuden noblezia eta kleroa, haien gazteluetan, gerlariek babestuak lehen gaueko eskubideaz eta ‘diezmoaz’ gozatuz. Oso handia zen plebeak, aldiz, gidoi bakarra betetzen zuen; hau, da, lan egitea. Nahiz eta historia hobeto ezagutzearen mina izan, ez naiz gehiegi harritzen. Denbora pasa ahala, baieztatu dut irabazleek beti idazten dutela. Eta historia pendularra dela.

Gurasoen bi lagunen etxean ikusi nuen nire lehenengo pendulu-erlojua. Isilik zegoen, gu egun, batzuetan, sentitzen garen bezain geldituta. Denbora ez doala aurrera pentsatzen dugu. Dena gure inguruan izozten dela. Antsietatea eta beldurrak erantzuna eragozten digutela. Baina ez da horrela.

 

Gaur, lege bat. Bihar, beste bat. Gaur, leporatua. Bihar, ikertua. Gaur, datu baikor bat bihar ezkor bihurtuko dena. Askotan, gelditua eta isilik zegoen gela hartako idazmahaian ikusten dut nire burua berriro, historia zer den ulertzeko ezgai, ezaguerak lotu ezinean. Historia-eskoletan ez ginen inoiz liburuko azken ikasgaietara iristen. Orainera. Gurera. Gertatua eta saihetsezina zen historia, gurekin zerikusirik ez zeukana.

 

Denboraren poderioz, eskerrak, orain bihurtu da historia niretzat, bizi garen denbora dela konturatu naizelako. Baina, ikaragarria…Hor jarraitzen du krokisak! Hor daude noblezia eta klero oraindik, nahiz eta zerbait aldatu den. Egun, plebearen hutsunea gero eta beteagoa da. Sinetsita dauden gizarte mugimenduez, bete ez diren eskubideen aldeko borrokez, aplikatzen diren ezaguerez. Liburuetan inoiz agertu ez diren lagun asko bezala, gu ere elkartzen gara, eta gure ahotsa ezarriz eta antolatuz doa.

 

Gertakizun historiko guztien artean -nahiz eta, historian gertatzen direnez, gertakari guztiak historikoak izan-, gatz-ibilaldia nire kuttunenetako bat da. Milaka lagun, Gandhi buruan, desobedientzia-ekimen erraz bati jo zioten; hau da, eskuetan itsas-gatz apur bat hartu, britaniarren ekoizpen-monopolioa ukatzeko. Historia ez da entzuten. Idazten da. Idazten dugu. Horregatik burua idazmahaitik altxatu, elkar ikusi eta hasi gara galdetzen. Zutik jarri, klase askoz egindako klase baten moduan gelatik atera, eta itsasertzaren bila goaz dagoeneko.

 

Asko geratzen zaigu istoriez betetako gure historia idatzi arte, baina egiten ari garen ibilbidearen amaieran isiltasuna baino ezin dut entzun. Ez da historia-eskolen isiltasun hura. Gaztelua inguratu dugu. Noblezia eta kleroa gero eta gutxiago dira, baina oraindik haien gerlariek babestuak. Gu, ibili, hitz egin, oihu egin eta sortu ondoren, gelditu gara une batez, ate-birakariaren bestaldean, eta gure isiltasuna, bat-batean, boteretsua da. Haien buruetan durundatzen du, guri txertatzen saiatu ziren beldurrez. Penduluaren inertzia-mugan gaude, jolas-parkeko pirataontzi haren biraketan bertan. Beti luzea egiten zitzaigun, sabela kili-kili.

 

Txirrinak jo du. Eskola amaitu da eta, behingoz, zerbait ikasi dugu. Gure istoriek garrantzia daukatela. Gure istoriek ere historia egiten dutela.

 

Eta, horregatik, pendulua bira egiten hasi da.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide