Gazte is Gasteiz

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2014ko eka. 2a, 09:30

David Mangana

 

Barnean daukadan kritikaria esnatzeko gai naiz berehala. Primeran sentitzen naiz atzean datozenei egurra ematen. “Gazteak Play-Stationean baino ez daude egun osoan”. “Gazteriak ez dauka balio etikorik”. “Gaur egungo gazteek ez dute ezer egin nahi, izaera gutxikoak jota”. Non ikusi dut hori? “Gazteen droga-kontsumoa igo da”. “Gazteriak gero eta gutxiago bozkatzen du”. “Hamazazpi urteko gazte bat hil da istripu batean”. Hedabide gehienek egiten duten bezala, tituluaren distirari besterik ez diot kasurik egiten; hurrengo orrialdeari begira, ordurako.

 

Belaunaldiz belaunaldi errepikatzen da kontaketa. ‘X Belaunaldia’ bataiatu gintuzten 90eko hamarkadan. Zakua itxi eta filmak nahiz publizitate-kanpainak sortu zituzten helburuaren definizio isila bete genezan.

 

Zertarako sakondu? Heldu haiek bezala, ez daukagu galtzeko denborarik. Bizitzaren erdira iristeko zorian, beldur gara gaztea ohi zen gure izaera galtzeaz, eta hurrengoak altxor hori galtzen ari direla oihu egiten dugu harat-honat. Bizitzaren erdi horren zerumuga hurbil, zentzuzko iritzia aurkitzen dugu bat-batean gure esanetan. Eskarmentuak zuzen hitz egiteko eskubidea ematen digu orain. Zer ondo ikusten dugun dena hemendik!

 

 

“Play-Stationean baino ez daude egun osoan”. “Ez daukate balio etikorik”. “Ez dute ezer egin nahi, izaera eskasak jota”…Pentsamendua telebistan galduta, geuk ere zalantzan ipintzen ditugu geure balio etikoak egunero, izaera eskas horrek jota. Nor kritikatzen ari gara, orduan?

 

Izan ginen eta ahaztu dugun gaztea…?

 

‘Gazte is Gasteiz’ titulua neukan buruan iritzi-artikulu bat idazteko.

 

Beste titulu anglosaxoizale bat, azken garai honetan euskal eleberrien tituluetan -‘Twist’, ‘Bilbao-New York-Bilbao’, ‘Fucking artists’.. .- modan daudenen antzera. Primeran!

 

Baina konturatu naiz berdin dela titulua. Kontua da aleberri horiek, kume berri horiek zer kontatu nahi duten jakin nahi izatea. Kritikari izan baino lehen kritiko izaten saiatzea. Badakit azalean dir-dir egiten duen xehetasun hori ez dela mamia, taktika erakargarri bat baino. Badakit garrantzitsuena beti izango dela eleberrien barruan dagoena.

 

Gazteen hitzak irakurri. Gazteen hitzak entzun.

 

Gai izango naiz titulutik haratago joaten hasteko?

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide