Hosto-poz dantza!

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2013ko abe. 27a, 10:06

David Mangana

Gehien gustatzen zaizkidan liburuak objektiboak dira. Bete-betean izaeraren harira joaten direnak. Protagonisten bizitza mugimendu eta ekintzen bidez marrazten dutenak. Ikusi al duzue? 'Marraztu' aditza erabaki dut 'deskribatu' hitzaren ordez. Hori da kontua. Hor dago koska. Liburu objektiboak gustatzen zaizkit eta, aitzitik, metafora aldera joaten da behin eta berriro nire idazkera, nahiz eta zuzentzen saiatu.

 

Oztopoz beteta dago bizitza. Nola gainditu da jokua, ezta? Baina egunero konturatzen naiz, gero eta maizago, oztopoak barnean eramaten ditudala.

“Poetikoegia bahaiz, landu hire estiloa, txo, eta utzi negar batean bizitzeari. Hori duk hire arazorik handiena?”.

Ez dakit zer izango ote den. Zergatik kostatzen zait barneko gako hori aldatzea? Ez bakarrik idazkerarena. Gauza aldaezin ugari metatzen ditut. Urratsen oztopo bihurtzen naiz. Eguneroko kontu txikiak ditut garai guztietako arazorik erraldoienak.

hostoak_manganaGuztiz objektiboa da udazkenean hostoek egiten duten firfira. Erori eta berehala, haizeak harrapatu eta jirabira hasten da hosto-haize festa. Nola onartu ahal dute haizea guztiz? Nola onartu dena, besterik gabe? Nola onartu nik, haiek bezala, atea behin betiko irekitzea betidanik nirekin egon diren zalantzak bide bazterrean uzteko?

Hostoak ez dira kexatiak. Ezta kakatiak ere. Haizearekin jolasten dira bizitzaren musika lagun, poesiaz betetako dantza objektibo bat marraztuz. 'Marraztu', bai. Hor ondo erabili dut aditza, behingoz. Hostoek ez dutelako ezer gainditu nahi. Ez dutelako beste gauza bat izan nahi.

Hostoak hosto dira eta kitto! Eta dantzatzen dira gure begietan.

Haizea arazo bihurtu arren, pauso dotorez ateratzen dira berarekin kaleko pistara.

Oztopoz blai lurrean geratu beharrean, hosto-poza aurkitu dute.

Lagun dantzariak, zuekin bidaiatu ahal dut udazken honetatik aurrera?

Zin dagizuet ez zaituztedala zapalduko.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide