Agirre Asteasukoak dio...

Erabiltzailearen aurpegia
Marrazkia: Noemi Villamuza

"Biei irakurri dizkiet ipuinak gauero txikitan; neskak asko irakurtzen du eta mutilak ezer ez"

Bi seme-alaba ditut. Biei irakurri dizkiet ipuinak gauero txikitan, eta biek ikusi naute liburuak irakurtzen egunero. Hala ere, neskak asko irakurtzen du, eta mutilak ezer ez. "Ama", diosta, "zertarako irakurri, behar dudana youtuben aurkitzen badut?". 

Ez da, noski, semearen kontua bakarrik. Inguruko emakume askok, adin eta heziketa guztietakoek, nahiko irakurtzen dute: nobela erromantikoak, beltzak, misteriozkoak... edo denetik pixka bat. Inguruko gizonetan asko irakurtzen duten gehienak, berriz, unibertsitateko irakasleak dira, eta zientzia-liburuak edo literatura jasoa baino ez dute irakurtzen, oro har. (Irakurketa-klubeko lagunak apartatuta, badaezpada). Ezin orokortu, baina hor CISen barometroa, nire inpresioa bermatzeko. 

"Zertara dator hau?" galdetuko diozu zure buruari. "Zertan dabil Blanca, sexismoaren ertzak ukitzen, edo are haren lokatzetan sartuta?". Ba, Juan Bautista Agirreren Erakusaldiak antologiako pasarte batek, 1742-1823 artean bizi izan zenaren lekukotasunak, zer pentsatua eman didalako: "...gizonak (irakurtzen dakienak ere) gutxi dira liburuaz baliatzen diranak: batzuek, zeren lotsatzen diran liburuarekin egoteaz; eta beste batzuek, zeren euskera irakurtzera ohituak ez dauden. Nork sinis dezake au? Emakumeak alde onetatik laudagarriak dira". (Fidel Altuna 1999: 48).

Liburuarekin egoteaz lotsatzen ote dira oraindik ere gure mutiletan batzuk?

Semeari galdetu beharko.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide