EH Bilduk bidea ireki du Gasteizko aurrekontuak aurrera ateratzeko

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko ots. 3a, 10:05
Konfiantza mozioa erretiratzea eskatuko du EH Bilduk. /Irudia: EH Bildu Gasteiz.

Konfiantza mozioa erretiratzea proposatuko dio koalizioak Urtarani, baina abstenitu egingo da alkateak hasierako asmoari eutsita ere.

"Aldaketari bigarren aukera bat» eman nahi dio EH Bilduk Gasteizko Udalean, eta ziurtatu du Gorka Urtaran (EAJ) alkatearen aurrekontuak aurrera aterako direla. Argi hitz egin zuen Miren Larrion bozeramaileak, atzo, koalizioaren batzarraren ondoren: «Urtaranek aurrekontuak edukiko ditu astelehenean». Lehenago, ordea, konfiantza mozioa erretiratzeko eskatuko dio alkateari, proposamen berri bat eginda —gaur emango dituzte xehetasunak—. Edozein kasutan, akordiorik lortu ezean ere abstenitu egingo dira asteleheneko udalbatzarrean. Beraz, Irabazik ere abstenitzea erabakitzen badu, Urtaranek bere kalitatezko botoari esker aterako du aurrera konfiantza mozioaren ezohiko bilkura, eta, ondorioz, 2017ko aurrekontuak.

PPk iragarri du ezezko «irmoa» emango duela. Hemen Gaude taldeak etzi erabakiko du zer egin, baina herenegun iragarri zuen balitekeela abstenitzea. Irabazik gaur egingo du bere bilera. Urtaranek EAJren eta PSE-EEren botoak jasoko ditu. Beraz, Irabazi ere abstenituz gero, alkateak aldeko bederatzi boto izango ditu, aurkako bederatzi eta bederatzi abstentzio. Kalitateko botoa baliatuko du, legediak hala ahalbidetuta. Alkateak atzo amaitu zituen bilerak oposizioarekin.

Udalbatza 2017ko aurrekontuak onartzeke geratu ostean, astelehenean izango da alkatearen konfiantza mozioaren saioa. Kontrako botoa nagusituko balitz, hilabete bateko epea zabalduko litzateke oposizioak ordezko alkategai bat adosteko eta proposatzeko —gehiengo osoa behar da gaia udalbatzarrean jorratzeko—. EH Bilduk, ordea, atzoko batzarrean erabaki zuen aukera hori baztertu eta kontrako botorik ez ematea. Beraz, PPk konfiantza mozioan kontrako botoa emango duen arren, aukera hori gailentzea ez da posible dagoeneko.

Galtzaileen operazioagatik

Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea izan zen Gasteizko alkatea 1999-2007an, eta Eusko Legebiltzarrean aferaz mintzatu da hedabideen aurrean, Urtaranen kudeaketaren aurka hitz egiteko eta EAJ aliantzez ohartarazteko. «Urtaranek beste bi urtetan jarrai dezake alkatetzan, baina zertarako?», galdetu zuen atzo goizean. EAJri galdegin dio EH Bildurekin aliantzarik ez egiteko Gasteizen eta Araban, «ezta Euskadi osoan ere», bestela «liskarrak» soilik sortzen direlakoan. «EAJk planteatu beharko luke egonkortasunaren eta orekaren alde egitea. Hori da PPren hautua».

PP izan zen 2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan bozkatuena Gasteizen. Urtaranek asteleheneko konfiantza mozioa galduko balu, zentsura mozioa aurkeztek aukera luke PPk, baina EH Bilduk bart iragarritako erabakiak atzera bota du aukera hori. Horren berri jakin aurretik egindako adierazpenetan, PPk «egonkortasunaren alternatibari» eusten diola adierazi du Alonsok. Haren arabera, Gasteizko aurrekontuen aferarekin ere ikusi da «jasanezina» dela alkatearen egoera. Uste du Urtaranek ez duela «gaitasunik» erakutsi karguan segitzeko eta elkarrizketarako borondaterik ez daukala.

Udalaren «krisia» salatu du PPko buruak, eta «ikuskizun lotsagarria» dagoela gaineratu. Duela urte eta erdi pasako inbestidura saioaren ondorioa da hori, Alonsoren hitzetan. «Galtzaileen operazio bat egin zuten, EH Bilduren borondatez [bozetako hirugarren indar] EAJ jarrita alkatetzan. Porrot bat izan da». Proiekturik ez edukitzea egotzi dio alkateari. Aldiz, nabarmendu du PPk egonkortasuna, oreka eta egitasmoak eskaintzen dituela.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide