"Futbolean orainak balio du, eta hau da Alavesen garaia"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko urt. 28a, 09:00

Josu Sarriegi. Alaveseko jokalari ohia. Onetik zein txarretik probatu zuen lazkaotarrak Gasteizen, eta poza ematen dio egun Alaves hain ondo ikusteak. Uste du Kopako final baten atarian egoteko aukera handia litzatekeela.

Badira hamahiru urte Alaves azkenekoz sailkatu zela Espainiako Kopako finalerdietarako. Lehiaketa dotorea egin ondoren, Zaragozak zapuztu zion finalerako ametsa. Bada, orduko taldean zen Josu Sarriegi (Lazkao, Gipuzkoa, 1979), eta ondo gogoan ditu garai haiek. "Kopako finalerdietan ez ezik, Liverpoolen aurkako UEFA kopako finalean ere egon nintzen, 2001ean, eta oroitzapen ederrak ditut". Lau sasoi egin zituen Gasteizen, gorabehera ugari egokitu zitzaizkion, eta uste du garai txarrak ahaztuta kluba eta hiria berriro ere gozatzen ari direla. Alaves jo du faboritotzat Alcorconen aurka.

Lehenik eta behin, zer bizimodu darama Josu Sarriegik?

Lazkaon bizi naiz, eta orain futbolarekin ez dut loturarik. Alavesen, Eibarren eta Athleticen jokatu ondoren, Panathinakosen egin nituen bost urte, Grezian, eta hura amaitzean etxera itzuli ginen emaztea eta biok, bi haurrekin. Gerora, atera ditut entrenatzaile izateko lehen bi tituluak, eta zeregin horretan ibili izan naiz Lazkaoko taldean, kadeteekin. Greziatik eskaintza bat iritsi zitzaidan, eta, hara joateko pentsamendua izan bagenuen ere, etxean geratu ginen azkenean. Orain, ez nago futbolari lotuta. Halere, entrenatzaile gisa ikusten dut neure burua.

Beraz, futbolari kasu egingo diozu, ezta?

Ez diot ikaragarri pila erreparatzen, baina partida batzuk ikusten ditut, bai. Egia esan, egunero daukagu futbola, eta horrek aspertu nau pixka bat. Sarritan ez dakizu ze txapelketa ikusten ari zaren ere. Kinielaren emaitza zein egunetan begiratu behar den asmatzea ez da erraza. Xarma apur bat galdu dute igande arratsaldeek.

Aste barruko partidetara jota, Alcorconen zelaian ariko da gaur Alaves. Galdu ezin duten aukera al dute gasteiztarrek?

Dudarik gabe, aukera ezin hobea du Kopako finalerdietan sartzeko. Ligak du lehentasuna, baina, han lanak ongi egiten ari denez eta aurkari apala egokitu zaionez, Kopari ere gogor heldu behar dio. Uneak agintzen du futbolean, eta gozatzeko garaia da. Ilusioa usain daiteke, eta Kopako final baten atarian egotea handia litzateke. Alaves da faboritoa, baina hobe du zuhurtziaz jokatu.

Lehen Mailara igo berritan, harritu al zaitu taldearen lan onak?

Harro eta pozik egoteko modukoa da Alaves egiten ari den denboraldia. Oso sendo eta serio ikusten dut taldea; edozein tokitan eta edonoren aurka puntuak batzeko gaitasuna du, aurkarien errespetua irabazi du, eta hori lortzea oso da zaila. Ematen du luzaroan egongo dela Lehen Mailan, baina hori ezin da jakin. Horregatik, garaiaz gozatu behar da, eta hau da Alavesen garaia. Kluba zein egoki hazten ari den ikusita, hori bai, etorkizun oparoa espero daiteke.

Tokitan geratu dira Dmitri Piterman Alaveseko presidente izandakoaren garai beltzak. Nola oroitzen dituzu? Hark esana da: "Sarriegi bezalako beste hamar ez ditugulako jaitsi gara mailaz".

Denetik bizi izan dut Alavesen. Garai onak bai: Kopako finalerdi bat eta, batez ere, UEFA kopako finala. Liverpoolen aurka galdu arren, esperientzia ahaztezina izan zen. Debut urtea nuen, gainera. Dena den, garai txarrak ere izan ziren. Taldea utzi nuen Bigarren Mailara jaitsi ginenean. Egia da Pitermanek hori esan zuela, baina hark esandako guztiari kasu egin izan bagenio... Zentzugabeko gauza asko esaten eta egiten zituen. Taldean geunden jokalariok nahikoa aguantatu eta sufritu genuen. Zorionez, Mendizorrotzan bestelako giroaz goza daiteke orain.

Iragan sasoian zuk zeuk probatu zenuen hori, ezta?

Bai. UEFA kopako finalean egon ginen jokalariok batu gintuzten, omenaldi bat egiteko, eta, taldea artean Bigarren Mailan zegoen arren, sekulakoa zen harmailetan zegoen giroa. Klubeko arduradunek esan ziguten gazte asko joaten zirela animatzera, eta hori oso pozgarria da. Mendizorrotza festa bilakatu ohi da, eta jokalariak eskertuta egongo dira. Klubaren hazte prozesuan alor garrantzitsua da zaleen ilusioa. Merezi dute Kopan aurrera egitea.

Alaveseko jokalari izan zinen 2001etik 2006ra, baina, tartean, Eibarren aritu zinen utzita. Inoiz pentsatuko al zenuen Eibar helduko zenik dagoen tokira?

Inondik ere ez. Bigarren B Mailan hasi eta dagoen tokira iristea ez sinestekoa izan da. Miresgarria. Halako herri txiki bat, hain aurrekontu murritzarekin eta onenekin lehiakor ibiltzea benetan da harrigarria. Gauzak oso ondo egiten ditu, zelaian eta zelaitik kanpo, eta hazten ari da nabarmen. Kopan ere estreinakoz dago final-laurdenetan. Eta, erne, ezustea emateko gai baita Atletico Madrilen aurka.

Eibarren bezala, Athleticen ere denboraldi bat egin zenuen. Zer moduz ari dira zuri-gorriak?

Oso ondo. 2006-2007ko sasoian egon nintzen ni, eta mailari eusteko borrokan ibili ginen. Pentsa kontuak zenbat aldatu diren. Azken urteotan ematen ari den maila bikaina da. Kopako hainbat final jokatu ditu, eta Europan ere izena hartu du. Klubeko ordezkariek, teknikariek eta jokalariek norabide berean lan egiten dute, eta igartzen da. Akaso, azken partidetan ez dira egon distiratsu, eta kritika batzuk izan dituzte, baina baloratu egin behar da haien lana.

Esan izan duzu Realzale zarela txikitatik, baina ez duzu bertan inoiz jokatu. Arantzarik baduzu?

Ez daukat halako penarik, ez. Gustatuko zitzaidan Realean jokatzea, nola ez, baina pozik nago izan dudan kirol ibilbidearekin. Orain, zale gisa gozatzen ari naiz. Harrobia oinarri hartu eta fitxaketa onak eginda, distiratsu ari da taldea, aspaldiko ondoen. Ziur Bartzelonari ez zitzaiola gustatuko Kopan Realaren aurka jokatu beharra. Aukera badu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide