Javier de Andresek akordioak egiteko eskua luzatuta hartu du Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari kargua

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko urt. 9a, 16:10
De Andres, kargua hartzen.

Carlos Urkijoren lana goraipatu du, "irmotasunez" bete duelako bere kargua. Soraya Saenz de Santamariak De Andresen "elkarrizketarako" gaitasuna nabarmendu du.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria da Javier de Andres, Carlos Urkijok lau urteotan bete duen kargua hartuta. Gaur goizean egin du karguaren zina, Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan. Haren ondoan izan da Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea. De Andresek gazteleraz eta euskaraz egin du zina, Espainiako Konstituzioaren ale baten gainean. Kargua "ilusioz" hartzen duela esan, eta eskerrak eman dizkie beragan konfiantza jarri dutenei. Urkijoren lana goraipatu du, "irmo" eta "zintzo" bete duelako kargua eta Konstituzioa betearazi duelako. De Andresek nabarmendu du hemendik aurrera bere borondatea Espainiako Gobernuaren eta EAEren arteko lankidetza sustatzea eta akordioak lortzea dela. "Terrorismoaren biktimak" ere gogoan izan ditu, haien aurkako "umiliazioak" baztertu eta "babes berezia" behar dutela azpimarratuta.

Soraya Saenz de Santamariak, bestalde, Urkijoren lana eskertu du: "Gobernuaren ordezkaritza elkarbizitzaren eta eskubide guztien mesedetan jarri du". De Andresentzat ere hitz goxoak izan ditu: "Sendotasuna, ideia argiak, elkarrizketarako eta elkar ulertzeko gaitasuna, lurraldearen ezagutza eta bere herriarekiko harreman estua ditu".

Goizeko hamaiketan izan da karguaren zina, Gasteizen, Espainiako Gobernuko ordezkaritzan. Ordu hori baino dezente lehenago dozenaka gonbidatuk bete dute ordezkaritzaren lorategietan paratutako karpa. Gonbidatuen artean izan dira Espainiako Segurtasun Indarrak, ordezkari politikoak eta erakundeetako ordezkariak. Hor izan dira, besteak beste, Josu Erkorkera eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamaria, PSEko Txarli Prieto, Javier Lasarte eta Cristina Gonzalez, PPko Borja Senper, Carmelo Barrio, Carlos Iturgaitz, Ramon Rabanera, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarra. Nafarroako, Kantabriako eta Errioxako gobernu ordezkariak ere egon dira ekitaldian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide