Mercedeseko langileen erdiek baino gutxiagok babestu dute akordioa

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2016ko aza. 25a, 13:49

UGTk gutxiengoan adostutako akordiorako oinarriak aldeko 2.241 boto izan ditu eta kontrako 1.904. Gasteizko lantegiak 4.997 behargin ditu eta ELAk eta LABek bozketan ez parte hartzeko eskatu zuten.

UGTk eta beste bi sindikatuk zuzendaritzarekin gutxiengoan adostutako akordiorako oinarriak alde oso txikiarekin— 337 boto— irabazi du bozketa Mercedeseko Gasteizko lantegian. 2.241 langileren babesa lortu du proposamenak eta haren kontra bozkatu dute 1.904 langilek; 44 boto zuri izan dira eta 73 baliogabe.

Bozkatzaileen gehiengoa —%53,3— alde agertzea lortu arren, akordiorako oinarriak ez du jaso langileriaren gehiengoaren babesik: 4.997 beharginek zeukaten bozkatzeko aukera, 4.189 izan dira azken bi egun hauetan bozkatu dutenak, eta, beraz, 808 bozkatu ez dutenak. Hots, langileen erdiek baino gutxiagok bozkatu dute UGT, Ekintza eta PIMek adostutakoaren alde. Eta sindikatuok, hain zuzen, babes sinbolikoaren bila deitu zuten bi egunotako bozketa, akordiorako oinarriak ez duelako lantegiko ordezkaritza sindikalaren gehiengoaren babesik.

ELAk, LABek eta ESKk "erreferendum fartsa" bat zela eta bozketan ez parte hartzeko esan zieten herenegun langileei, eta "presiopean" bozkatzera behartuta egon zitezkeenei ezezko botoa emateko gomendatu zieten. CCOOk bozketa ez baina akordiorako oinarria gaitzetsi du orain arte, itun hobea lortzeko aukera zegoela argudiatuta. ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek dauzkate langile batzordeko 27 ordezkarietatik 14.

Bost urterako ituna da Mercedeseko zuzendaritzarekin adostutakoa, eta 2016. urtea horietan sartuko litzateke, aurreko ituna iazko abenduaren amaieran iraungi zelako. Urteko %1,8ko soldata igoera proposatzen du, eta 350 euroko aparteko ordain bat abendu honetako nominan. Horrez gain, beste ordain bat ere izango litzateke, lantegiaren emaitzen arabera aldagarria, baina betiere 1.500 eurotik azpikoa. Akordioan aurreikusten dute 2020ra bitartean mila langile mugagabe bihurtzea: 500 izango lirateke lehen urtean, eta, hortik aurrera, 125 langile urtero. Denbora tarte horretan, 200 langilek erretiroa hartuko lukete.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide