«Uste nuen gorputzak esango zidala noiz utzi, baina buruak esan zidan»

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2016ko urr. 13a, 17:46
Etapa berri bati ekin dio Pinedok Madrilen. /Aiaraldea ataria

Hilabete pasatxo joan da eskubaloia utzi eta erretiroa hartu zuela iragarri zuenetik. Pena du eskubaloia utzi izanaz, baina argi du: «Bukatzeko data bat dago kirolean, eta nirea iritsi zen».

Eskubaloia utzi izanak ez du lasaitasun handirik ekarri Eli Pinedoren egunerokora. London717 arropa denda sortu zuen Bea Fernandez taldekide ohiarekin, erretiroa hartu baino pixka bat lehenago, eta, lehiaketa dela eta, apur bat utzita izan ondoren, buru-belarri ari dira orain horretan, Madrilen. Espainiako hiriburuan bizi da Eli Pinedo orain. Han hasi du bere bizitzaren etapa berri hau.

Hilabete pasatxo daramazu eskubaloi jokalari ohi moduan. Zer moduz daramazu zure bizitzaren etapa berri hau?

Oso ondo, oso pozik nago. Egia esan, orain hasi naiz pixka bat lasaitzen. Eskubaloia utzi nuela iragarri nuenetik batetik bestera ibili naiz: omenaldiak, elkarrizketak... Baina egunek aurrera egin ahala, apalduz joan da dena.

Madrilen bizi zara erretiroa hartu zenuenetik. Zergatik aldaketa hori? 

Batetik, betidanik oso gustuko izan dut Madril, hiri ederra da, eta baneraman urte pare bat eskubaloia utzitakoan hemen bizitzeko ideiari bueltaka. Bestetik, lanari begiratuta, askoz aukera gehiago daude Madril bezalako hiri handi batean, ate askoz gehiago daude jotzeko. Azkenik, Beak [Bea Fernandez Bera Berako jokalari ohia, Eli Pinedok bezala, aurreko sasoiaren amaieran erretiroa hartu zuena] eta biok sortu berri dugun London717 arropa marka ekologikoaren egoitza eta biltegia ere hemen daude. Hemen gabiltza Bea eta biok proiektu berri honetan buru-belarri lanean.

Nolakoa da zure egunerokoa orain? 

Goizean, Bea eta biok elkarrekin aritzen gara lanean: webgunea kudeatu [www.london717.es], eskaerak egin, bilduma berriak prestatu, kudeatzailearekin diru kontuak gainbegiratu... lan asko dago egiteko. Gero, kirol pixka bat egiten dut, korrika egin batez ere, kalean. Ez ditut gustuko gimnasioak. Neguan ez dut izango beste erremediorik, baina, oraingoz, kalean aritzen naiz beti, musikarekin beti. Gozatu egiten dut horretan. Azkenik, arratsalde partean etxean egoten naiz, lasai-lasai, edo etxeko lanak egiten. Halere, egun lasai gutxi ditut. Beti dut zerbait egiteko.

Eskubaloiaren falta sumatzen hasi zara? 

Lehiatzea, horrexen falta sumatzen dut. Niri, lehiatzea gustatzen zitzaidan guztiaren gainetik. Sasoi-aurreko lanaren faltarik, adibidez, ez dut batere sumatzen [barrez]. Ziur asko, Espainiako Kopa edo selekzioen arteko txapelketa garrantzitsuren bat iristen denean, inbidia sentituko dut.

Barneratua duzu zuretzat eskubaloia amaitu dela ? 

Bai. Aspaldi nuen barneratuta eskubaloia uzteko unea iritsi zitzaidala. Udan, halere, saiatu nintzen hori bazter batean uzten. Egin beharra nuen, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan lehiatu behar nuelako, eta bete-betean aritu behar nuelako han.

«Ez dut izan inolako tentaziorik eskubaloia uzteko. Oraindik gogoa dut jarraitzeko, eta, fisikoki, ondo ikusten dut neure burua». Horixe aitortu zenion BERRIAri maiatz amaieran, Espainiako Ligako azkeneko partidaren bezperan. Ordurako, ordea, hartua zenuen uzteko erabakia? 

Ez erabat, baina denbora neraman eskubaloia uztearen inguruan hausnartzen. Nik beti pentsatu izan nuen nire gorputzak esango zidala noiz utzi, baina ez da horrela izan, fisikoki oso ondo nagoelako. Buruak esan zidan uzteko. Berdin dio. Nahi nuen moduan amaitu dut, energia askorekin, azken egunera arte goi mailan lehiatzen eta etorkizunari aurre egiteko ilusio eta indar handiarekin.

Erretiroa urtebetez atzeratzeko tentaziorik izan al zenuen? 

Ez. Banekien Espainiako selekzioarekin ezinezkoa zela beste olinpiar ziklo bat aguantatzea. Bera Berarekin, berriz, izango nituen helburu berriak, Liga, Kopa eta Superkopa berriro irabaztea, eta bai, ederra da hori, baina neure buruari galdetu nion ea hori zen behar nuena nire bizitzaren momentu honetan. Eta konturatu nintzen ezetz, ez nuela halakorik behar.

Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan gertatutakoak eraginik izan zuen azken erabakian? Kolpe latza jaso zenuten final-laurdenetan Frantziaren aurka, irabazia zenuten partida galduta. 

Ez, ez zuen eraginik izan, ordurako hartuta nuelako erabakia. Baina pena izan zen horrela amaitzea, pena handia. Ez dut ahaztuko partida amaituta barruan nuen etsipen sentimendua. Ezin nuen sinetsi zazpi golen aldea izan ondoren galdu egin izana. Nire azken partida zen, eta horrela amaitzeak min handia egin zidan. Saiatu naiz egun horretako une txar guztiak ahazten, eta momentu onekin bakarrik geratzen.

Uzteko erabakia zuk hartu zenuen, baina hitz egin zenuen inguruko norbaitekin aurretik? 

Familiarekin. Patri [Patri Pinedo Bera Berako jokalari ohi eta Eli Pinedoren bikia] izan zen nire asmoen berri izan zuen lehena. Hark duela lau urte utzi zuen eskubaloia, eta bazekien zertaz ari nintzaion. Ulertu egin zuen nik zer nahi nuen, eta ondo iruditu zitzaion.

Nola jakinarazi zenion Bera Berari zure erabakia? 

Tatiri esan nion [Tati Garmendia Eli Pinedoren taldekide ohia Bera Beran eta, egun, eskubaloi saileko kirol zuzendaria]. Nire zain zegoen Tati, hurrengo denboraldirako taldea prestatzeko. Azken unera arte egon zen nire zain; horrenbesteraino, ni gabeko talde bat eta ni nengoen beste bat zituen buruan. Pena hartu zuen Tatik uzten nuela esan nionean, baina ulertu egin zuen nire erabakia. Jarraian, Montserekin [Montse Puche entrenatzailea] eta Jabi Oterminekin [Bera Berako ordezkaria] bildu nintzen. Azkenik, denboraldia amaitutakoan afari bat egin genuen taldekideok, eta momentu hori aprobetxatu nuen nire erabakien berri emateko. Eskatu egin nien mesedez inori ez esateko, ez nuelako nahi Rio hain gertu egonda, gaia zabal zedin.

Pena hartu zuten? 

Denok hartu genuen pena handia. Denok dakite zer-nolako sentimendua dudan Bera Berarekiko. Beti izan dut, eta beti izango dut. Pena da, baina horrelakoa da kirol bizitza. Bukatzeko data bat dago, eta nirea iritsi zen.

Ligako azken partidan taldeko beste hiru jokalarik hartu zuten erretiroa: Bea Fernandezek, Tania Yañezek eta Matxalen Ziarsolok. Nola bizi izan zenuen agurreko partida hori, zurea ere izan zitekeela jakinda?

Ez nuen ezer berezirik sentitu. Une hori Matxalenena zen. Ez nuen pentsatzen nire momentua zenik.

Momentu asko bizi izango zenituen, ia hogei urteko kirol ibilbidea egin baituzu eskubaloian. Espero zenuen halakorik?

Inondik ere ez. Niretzat jokalari profesionala izatera iriste hutsa sekulako lorpena izan zen.

Gogoratzen dituzu lehen eskubaloi partidak?

Bai. Eskolan izan ziren [Amurrioko Lucas Rey ikastetxea, Araban], 11 urte nituela. Gozatu egiten nuen lagunekin eskubaloian jokatzen. Niretzat eskubaloia beti izan da bizitzeko modu bat.

Oso goiz iritsi zinen maila gorenera, 18 urterekin.

Bai, baina oharkabean iritsi nintzen kasik, egiten ari nintzenaz jabetu gabe.

Ahizpa izan zenuen hastapenetan ondoan. Zenbateko garrantzia izan du hark zure kirol ibilbidean?

Handia. 23 urtera arte beti aritu ginen elkarrekin eskubaloian jokatzen. Eta pistatik kanpo antzeko, unibertsitatean ez beste, berak euskal filologia ikasi zuen eta nik pedagogia, beti egin genuen dena elkarrekin. Niretzat makulu sendoa izan da.

Gogoratzen duzu lehen entrenamendua Bera Berarekin?

Lehena ez, baina hirugarrena bai. Reyesek [Reyes Karrere Bera Berako jokalari eta entrenatzaile ohia] San Markoko gotorlekura igoarazi gintuen korrika. Ederki sufritu nuen.

Jokalari gazteek beteranoen babesa izan ohi dute. Zuk zein izan zenuen ondoan?

Tati eta Amaia Ugartemendia.

23 urterekin utzi zenuen etxeko babesa, Valentzia aldera joateko. Hiru urtez jokatu zenuen Cementos La Union-Ribarrojan eta Sagunten. Zer-nolakoa izan zen esperientzia hori?

Gogorra izan zen hasieran, lehen aldia nuelako kanpoan, eta oso gustura nengoelako etxean. Baina ausarta izan nintzen, eta azkenean, asko ikasi nuen esperientzia horretatik. Beste eskubaloi bat ikasi nuen, Cristina Mayoren aginduetara jokatu nuen, eta aurrerapausoa eman nuen.

Lau urte geroago itzuli zinen Euskal Herrira, Itxakora. Lehen tituluak irabazi zenituen han.

Bai, eta oso entrenatzaile on batengandik ikasteko aukera izan nuen, Ambros Martinengandik. Lan asko egin genuen hiru urte haietan, eta, zorionez, jaso genuen ereindakoaren fruitua, lehen tituluak irabazita.

Lizarratik Odensera joan zinen, Danimarkara.

Hori bai izan zela gogorra hasieran. Udan iritsi nintzen, eta pentsa dezakezu nolakoa den uda han... Baina okerragoa izan zen gero, azaroan, adibidez, arratsaldeko lauretan jada gaua zen, elurra goitik behera, eta hizkuntzarekin hamaika traba. Gure taldera etortzen diren atzerritarren lekuan jartzeko balio izan zidan. Kirol aldetik, ordea, esperientzia ederra izan zen. Izugarri gozatu nuen. Jarraitzeko eskaini zidaten, baina nik etxera itzuli nahi nuen.

2010ean itzuli zinen Bera Berara. Ordurako irabaziak zituen hiru titulu taldeak, baina zu iritsitakoan hasi zen irabazten txapelak bata bestearen atzetik. 

Lehen bi denboraldietan Itxakok ia dena irabazi zuen, baina hura desagertu egin zen, diru arazoengatik, eta hor azaldu ginen gu, haien lekukoa hartzeko prest. Urte ederrak izan dira azkeneko lauak, bai Bera Berarentzat, bai niretzat.

Emakumezko kirolarien defendatzaile sutsua izan zara beti. Eman dira pausoak berdintasunari dagokionez? 

Bai, baina oraindik asko dago egiteko. Eskubaloian, adibidez, tituluak edo dominak tartean daudenean bakarrik agertu izan gara emakumezkoak komunikabideetan. Emakumezkoen eskubaloiaren egunerokoa jarraitu nahi duenak webgune oso espezializatuetara jo behar du.

Zu, halere, mediatikoa izan zara. 

Tira, ez dakit mediatikoa izan naizen edo ez, baina egia da oso aktiboa naizela sare sozialetan-eta. Gainera, beti egon naiz prest edozein elkarrizketarako. Oso kazetari gutxi daude emakumezkoen eskubaloiaz arduratzen direnak, eta nola esango diet ezetz, ez litzateke koherentea izango lehen esan dudanarekin, hau da, komunikabideek arreta gehiago jarri beharko luketela emakumezkoen kirolean. Zenbat eta gehiagotan atera emakumezkoen eskubaloia, orduan eta hobeto.

Kazetaria: Julen Etxeberria

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide