Gasteizko txirrindularien aurka (eta alde)

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2016ko api. 15a, 07:42

Aspalditik dator kontua: noizbait XX. mendearen amaieran, Gasteizko Udalak baimendu zuen txirrindulariak espaloietatik eta gainerako oinezkoen esparruetatik ibil zitezen.

 “Jainkoak oinezkoak sortu zituen laugarren egunean, eta ondo zegoela ikusi zuen. Bostgarren egunean, erosoago bizi zitezen, automobilak eman zizkien; baina horrek sekulako anabasa sortu zuen kaleetan, oinezkoak espaloietara baztertuz. Seigarren egunean, bere akatsa konpontzeko, bizikletak sortu zituen, automobilariak txirrindulari bihur zitezen, baina horren ordez, oinezkoei geratzen zitzaizkien bazterreko gune guztiak inbaditu zituzten txirrindulariek. Jainkoak arazoari behin-betiko konponbide bat eman behar ziola erabaki zuen, baina berandu zenez, iganderako utzi zuen auzia eta lotara joan zen.”

Txirrindulariak espaloietan baimentzea bizikletaren erabilera sustatzeko egin omen zen, nahiz eta Espainiako legeek ziotenaren kontra joan. Horren ondorioz, oinezko modura jokatzen duten txirrindulari asko sortu dira Gasteizen. “Txirrindoinezkoak” dei diezaiekegu: bizikleta gainean mugitzen dira, baina oinezkoak balira bezala jokatzen dute, espaloietatik ibiliz, oinezkoen zebrabideetan lehentasuna dutela sinetsiz, eta larriagoa dena, oinezkoei geratzen zitzaien esparru esklusibo bakarra lapurtuz.

Jo dezagun Gasteizen oinezko gehien biltzen den bidegurutzera: Dato kaleak eta Posta kaleak bat egiten duten puntura. Gaur egun ezinezkoa da kale horietatik lasai ibiltzea, paseoan edo dendetako erakusleihoak begiratzen. Etengabe aritu behar du jendeak alde batera eta bestera begiratzen, ea bizikletaren bat datorren nonbaitetik. Zure bi urteko semeak korrika ikasi duela eta bat-batean kaleko puntu batetik bestera lasterka doala, alderrai? Oihu egingo diozu kontuz ibil dadin, bizikleten erruz. Plaza Berritik Posta kalera irteten ari zarela Arabako Alea eskutan hartuta, irakurtzen? Ezinezkoa arreta ipini gabe. Paseoan zoazela eta bat-batean For dendako alkandora bat begiratzeko kalea trabeska zeharkatzea otu zaizula? Kontuz, bizikletak!

Duela 20 urte, bizikletaz ibiltzen ginenok gasteiztarren % 1 ginenean ideia ona irudi zezakeen politika batek, egoera tamalgarria eragin du kopurua % 12ra igo denean. Bizikletaz nola ibili behar den ez dakiten -edo jakin nahi ez duten- pertsonek okupatu dute kalea, eta berdin zaie arauek -baita hezibide oneko arauek ere- zer dioten.

Bide batez, ez dago soberan gogoraraztea Gasteizko arauek zer dioten:

  • Oinezko guneetan oinezkoen dute lehentasuna BETI. Txirrindulariek oinezkoen erritmora egokitu behar dute.
  • 3 metroko zabalera baino gehiago duten espaloietatik soilik daude bizikletak baimenduta.
  • Oinezkoetatik gutxienez 1 metrora igaro behar dute bizikletek.
  • Eraikinen fatxadetatik gutxienez 1,5 metrora ibili behar dute bizikletek.
  • Kalean bizikletentzako bide bat markatuta badago, bizikletek ezin dute espaloitik ibili.

Gasteizek lan handia egin du araudia ez den beste alor batzuetan hiri txirrindularitza sustatzeko, eta emaitza onak eman ditu orain arte. Bizikletaren erabileraren defendatzaile naizen aldetik, oso egoki ikusten ditut egin diren lan asko. Hala ere, bizikleta are gehiago sustatu nahi bada (baina automobilak kentzeko eta ez oinezkoak gutxitzeko), zerbait aldatu behar dela sumatzen dut.

Ezinezkoa da Gasteizko txirrindularien kopurua gehiago handitzea, ez bazaie oinezkoen esparrutik ibiltzea debekatzen. Espaloiek, oinezko kaleek eta kale horietan mugitu eta sozializatzen den jendeak ezin du bizikleta gehiagorik jasan. Bestela, oinezkoak txirrindulari bihurtzea besterik ez da lortuko, Kopenhagen edo Herbehereetan gertatzen den bezala. Txirrindulari asko izango dituzte, baina autoa erabiltzen dutenen ehunekoa Gasteizen baino handiagoa da toki horietan, eta ia inor ez da oinez mugitzen. Alabaina, ez pentsa ezin dugunik ezer ikasi Europan: Danimarkan, Herbehereetan eta Alemanian txirrindulariek ez dute baimenik oinezko kaleetan ibiltzeko.

Bizikleta bideen segurtasun faltsua

Bizikletak gainerako ibilgailuekin integratzeko lanak egin behar dira, kale lasaituetan; eta zirkulazio gehiagoko kale nagusietan, bizikleta bide bereziak sor daitezke. Baina tokia autoei kendu behar zaie, ez oinezkoei. Ez nago ezer berririk esaten: horixe bera zioen Gasteizko Mugikortasun Planak.

Haatik, Udalaren azken urteko zenbait ekintzetan sumatzen den estrategia aldaketak ez du laguntzen. Erdiguneko oinezko kaleetan bizikletek ibiltzeko duten ordutegia zabaltzeak ez dio onik ekarriko oinezkoen eta txirrindularien elkarbizitzari. Bestalde, 2010.eko hamarkadaren hasieran bizikleta bideak sortzeko izan zen “kale lasaituen” estrategia albo batera utzi dela dirudi, eta bigarren mailako zenbait kaleetan egin diren lanek berriro ekarri dute bizikleten segregazioa eta inbisibilizazioa, duela 50 urtekoa den eredu zaharkitu bati jarraiki. Orain autoz Argentina kaletik noanean, lasai har dezaket abiadura, ez baitut bizikletarik ikusten inguruetan; noski, bidegorriaren bidegurutzera iristen naizen arte, autoak aparkatzeko ilararen bestaldetik tupustean agertzen zaidan bizikleta bat gurutzatzen zaidan arte.

Adierazgarria da, zentzu horretan, Granadako txirrindulari elkarteak sortutako “La falsa seguridad del carril-bici urbano” dokumentua (gaztelaniaz). Bizikleta bideak sortzen dituen edozein hirigilek irakurri beharrekoa.

Betiko eztabaida da: zer da seguruagoa bizikletentzat, segregazioa ala integrazioa? Ni integrazionista naiz. Gasteizko Udalak argitaratzen dituen istripu datuek argi diote bizikleten istripu gehienak autoak eta bizikletak gurutzatzen direnean gertatzen direla, bai espaloietatik doan bizikleta oinezkoen zebrabidean edo garajeen irteeran auto batek harrapatu duelako, bai bidegorritik zihoanean kalea zeharkatzean harrapatu duelako. Datu horiek ikusita, uste dut ez dagoela kasu bakar bat ere auto batek bizikleta atzetik jo duena, bizikleta galtzadatik zirkulatzen ari zenean. Beraz, ondorioak argia izan behar luke: autoak eta bizikletak elkar gurutzatzen diren bidegurutze gutxiago sortu behar dira, ez gehiago, bizikletentzako bide berriak eraikitzean, eta bizikletak autoen fluxu orokorrarekin integratu behar dira hori posible den kaleetan, alegia, Gasteizko kale gehienetan.

Bestalde, bitxia da segurtasunaren izenean espaloietatik edo Posta kalea bezalako tokietatik bizikletaz ibiltzen diren txirrindulariek nola jokatzen duten zebrabidera -gogoratu, txirrindularientzako punturik arriskutsuenera- iristean. “Betiko gasteiztar” guztiek bezala, semaforoa gorri dutenean igarotzen dute zebrabidea, bizikletan igota, haietako asko kaskoa jantzita eta guzti; eta oro har, alderrai dabiltza toki guztietatik -orain espaloitik, gero galtzadatik kontrako zentzuan- jokabide arriskutsu galanta erakutsiz.

Bizikleta autoentzat ikusgarriago bihurtu behar da, eta horretarako bizikletek galtzadatik ibili behar dute, edo gutxienez galtzadan autoen bistan dagoen bizikleta bide batetik. “Kale lasaituen” eredua oso ona izan zen zentzu horretan. Itzul gaitezen eredu hartara.

Gasteizko txirrindoinezkoen jokabideak ezagutzen ez badituzu, hona hemen bideo bat. Jokabide egoki batzuk ere agertzen dira.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide