Aulki jokoa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor de la Villa 2016ko eka. 24a, 12:41
Espainiako Kongresurako lau eserlekuak aukeratu dituzte igandean.

"Bost ziren lagunak eta lau aulki... kalkuluan aldagai berria: Podemos"

Titulua irakurrita, jakingo duzu zertaz ari naizen. Zu ere jolastu zara honetara, haur tamagotchiduna zinenean. Ziur zurekin "no vale, ésta era de prueba" zioen bat zegoela: musika jo bitartean, aulkien ondotik pasatzean, ibilera moteltzen zuena, begirada albo batean zuen aulkiari begiratzen eta aulkien arteko hutsuneetan abiadura bizkortzen.

Gure bazter honetan bost ziren lagunak eta lau aulkien kopurua... kalkuluan, aldagai berria: Podemos, aulkian esertzen lehena. Hiru banatzeke geratzen zirenak eta lau zutunik zirautenak: PP, EAJ, PSOE eta Bildu. Azkenik, musika etetean, Bildu izan zen aulkirik gabe geratu behar izan zena. Madrilen ez ziren ados jarri, eta "no vale, ésta era de prueba", ahoskatu zuten batera.

Música, maestro, igandera arte. Oraingoan batek bi aulki hartzea: Podemosek jokoan du PSOEri sorpassoa egin ahal izateko hil ala bizikoa izan daitekeen aulkia; PPk jokoan etxe barruan oposizioaren indar-hegemonikoaren irudia galtzea; EAJk, ordea, 1 Formulako irteeran posizio on bat eskuratzea lehendakaritzarako hauteskundeei begira; PSOEk, Araban diputaturik ez izatearen trauma-historikoa ekiditea eta, azkenik, Bilduk autonomikoetan Podemosekin duen ezkerraren lehian motorra behar bezala doitzea.

Hainbeste jokoan eta, hiru egun hauetan, musika eten arte, bostak abiadura moteltzen edo arintzen, aulkien arteko hutsuneetan. Honakoa, hori bai, ez da probazkoa izango: honek balio du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide