Jaietan ez da marxistarik

Erabiltzailearen aurpegia Aitor de la Villa 2016ko mai. 3a, 10:29

"Groucho Marxek ez zuen San Prudentzioko erretreta entzun"

Barkatu jaun-andereak deitzen badizuet, baina oraindik ez zaituztet ondo ezagutzen". Ez, ez naiz Das Kapital eskribitu zuen filosofo prusiarraz ari. Grouchoz ari naiz; Estatu Batuetan "adin oso txikian jaio" omen zen aktore bibotedun hartaz.

Bere aburuz, "justizia militarra justiziarekiko musika militarra musikarekiko dena" omen zen... eta nik, esaldi horren aurrean, "ezin dut esan berarekin ados ez nagoela gezurra denik". Beharbada, hala pentsatu nahi dut, aktoreak ez zuen San Prudentzioko erretreta entzun; edo, beharbada, entzun bai, baina bere esaldian salbuespen hori –auskalo, erretretaz gain, Sarriegi entzun izan ote zuen– sartzeko astirik ez zuen izan, izan ere, New Yorkeko kottauak jateko denborarik ere ez zuen. Zuzenean eskatzen baitzuen zuen kontua.

Tristea da. Esaldi horrek ñabardura bat behar du, Grouchok jateko denboraren beharra zuen bezala. Erretreta entzun ez; denbora faltagatik, barraskilorik jan ez eta Armentiako zelaietan eseri ere ez: "Jaietan ez esertzea" aholkatu zuen-eta, "atsegin ez duzun norbait ondoan eser ez dadin".

Ez, ez naiz marxista, ez behintzat apirilaren 28an. Printzipio horiek dituen batekin nekez ospatuko nuke San Prudentzio eguna. Hala ere, Grouchoren kasuan, agian, salbuespen bat egingo nuke. Izan ere, nahiz eta Grouchok aurretik aipatutako printzipio horiek izan, gustukoak izango ez banitu –eta ez ditut–, aldatuko zituela aitortu zuen behin. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide