Marratxo bikoitza

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2017ko ots. 16a, 18:11

"Mezua jaso duzunean, behartuta al zaude elkarrizketarekin jarraitzera?"

Ez da denbora asko pasa whatsappeko marratxo bikoitz urdinaren aukera kendu nuenetik, izan ere, antsietatea sortzen zidan batzuetan, bai, antsietatea aizue! Ez nuen ulertzen nola demontre zen posible, marratxoen kolorea urdina izan, eta oraindik, erantzunik jaso ez izana! Haserre eta buruhausteak eragiten zizkidaten ditxosozko marratxoek, kalte egiten zion neure buruari, orain, ordea, libreago sentitzen naiz: nik bidali dut bidali beharrekoa eta iritsiko zait (edo ez) feedbacka!

Nire ondoeza, ezontsa, ezinegona, egonezina, haserrea, estutasuna, herstura, larritasuna eta kezka guztien jatorria whatsappeko marratxo bikoitz urdinak ziren! Edo… hori zen, behintzat nik uste nuena! Hala ere, datu garrantzitsu bat formulatik at uzten nuela konturatu naiz: marratxoen beste aldean informazioa irakurri duenak, irakurri egin du bai, baina ez dakigu mezuaren xedea benetan ulertu duen! Edo are gehiago, ez dakigu mezua guk esan nahi genuen bezala interpretatu duen. Eta hori gutxi balitz, ezin dezakegu jakin mezua iritsi zaionean zein egoeratan zegoen,  baliteke irakurri eta berehala bateria gabe geratzea, posiblea da istripuren bat jasatea, larrialdiren bat gertatzea… gainera, ez dakigu guk bidalitakoa jaso duenarentzat garrantzitsua den edo premia gehiagoko lanak dituen edota zergatik ez, agian ez dauka erantzuteko gogorik, derrigorra da akaso? Behin mezua jaso duzunean, behartuta zaude elkarrizketarekin jarraitzera?

"Ama izateko erabakia zurea izan zen? Libre aukeratu zenuen?" 

Hala ere, nigan antsietatea ez ezik, ardura, kezka, urduritasuna, maitasuna, negarra, tristura, umorea, alaitasuna, gorrotoa, zoriontasuna, lotsa, beldurra, amorrua, harridura, atsekabea eta bururatzen zaizkizuen zirrara edo emozio guztiak ere eragin dituzten marratxoen kolorea ez zen urdina izan, arrosa baizik, arrosa koloreko marratxo bertikal bikoitza zehazki. Marratxoak arrimatzen ikusi nituen une hartan bertan aldatu zitzaidan bizitza, guztiz: goitik behera, behetik gora, ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera, nolabait esateko… transformatu egin zitzaidan bizitza! Eta orain, mezuaren esanahia ezagutzen dudanean, marratxo bikoitzak adierazten zuena nireganatu dudanean… neure buruari hauexek botatzen dizkiot: Ulertu zenuen zuk, Aintzanek, bi marratxo haiek adierazten zutena? Egin zenizkion egin beharreko galderak zeure buruari? Gaur egungo gizartean saltzen dutena erosi zenuen? Hots, denek egiten dutena egin? Ama izateko erabakia zurea izan zen? Libre aukeratu zenuen? Momentu egokia zen? Bikote egokia zen? Adin egokia zenuen? Laburbilduz, hausnarketarik egin zenuen, Aintzane?

Beraz, marratxoen ikasgaia nola edo hala menperatzen dudan honetan, hausnartu beharreko gaiak makinatxo bat direla ohartu naiz. Asko dira marratxo bikoitzaren aurrean egin beharreko gogoetak, eta beste horrenbeste izango dira horien erantzun zuzen posibleak, gurasogai diren horiek hasierako momentu horietan dituzten bizipen eta sentimenduak adina, alegia. Nolanahi ere ahaztu ezin duguna, ordea, whatsappeko mezuekin gertatzen den modu berean, gurasogai bakoitzak bere interpretazio, arrazoi eta lehentasunak dituela da, bereak eta ez beste inorenak! Eta bereak izateko eskubide guztia du gainera! Horregatik da ezinbestekoa askatasunez aukeratzea: norberak berea ezagutzen duelako, norberak bere modura ulertu duelako mezua, norberak aukeratzen duelako zer den garrantzitsua eta zer ez berarentzat, norberak ikusi behar dituelako bere alde on eta txarrak, norberak dakielako zein den daukan egoera, norberak dakielako maiteko duen edo gorrotatu... Azken finean, marratxo bikoitz horiei begira dagoenak dakielako bakarrik marratxo horiek gozamena, atsegina, bozkarioa, poza, plazera, nahikaria  diren edo ostera, atsekabea, bihozmina, tristura, malenkonia, goibeltasuna eta  ezintasuna eragiten dioten. Norberak berea dakielako, erabakia berari dagokio!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide