Igandean egingo dute Laudioko jaietako daten gaineko kontsulta

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016ko abe. 27a, 12:29

Hiru aukeren artean bozkatu ahalko dute 16 urtetik gorakoek; galdeketa loteslea izateko %20koa izan beharko da parte-hartzea.

Esan bezala, hiru aukeren artean bozkatu ahalko da. Lehena: gaur egungo egutegia; hain justu ere, abuztuaren 15ean, 16an, 17an eta azken igandetik atzera bost egun. Bigarrena: Jaiak Erroke Deunaren aurreko ostiralean hasi eta hurrengo asteko igandean bukatzea. Hirugarrena: abuztuaren 15ean hasi eta zazpi eta hamar egunen artean luzatzea.

Bozketan 16 urtetik gorako laudioar guztiek parte hartu ahal izango dute; abenduaren 31rako izan beharko dute adin hori beteta, orduan egingo baita zentsua. Hori kontuan izanda, 15.500 pertsona baino gehiagok izango dute kontsultan parte hartzeko aukera, Udaletik aurreikusi dutenez.

Udaletik azpimarratu dute garrantzitsuena parte hartzea dela. Hautestontzietara deitutako herritarren % 20ak (3.000 herritar inguruk) bozkatu beharko du gutxienez kontsulta loteslea izan dadin.

Sei toki

Guztira, sei toki egongo dira egun horretan bozkatzeko: Aretan, nagusien gizarte etxean; Gardean, eskola zaharretan; erdigunean, institutuan; Ugarten, La Milagrosa ikastetxean; eta Latiorron, eskolan. Beste hauteskunde politiko batzuetan bozkatzen duen toki berera jo beharko dute 18 urtetik gorako herritarrek. 16 eta 17 urte bitartekoek, berriz, udaletxean eman beharko dute botoa, beheko solairuan jarriko diren hautetontziak baliatuta. 09:00etatik 20:00etara egongo da kontsultan parte hartzeko aukera.

27 lanpostu

Udal langileak arduratuko dira botoen zenbaketaz eta akten jasotzeaz. Hala ere, lan-poltsa bat jarriko du abian Udalak, egun horretan hauteskunde mahaietan egoteko pertsonak kontratatzeko. 27 pertsona kontratatuko dituzte guztira, bi mahai bakoitzeko.

Jaien daten gaineko eztabaida urte luzez egon da mahai gainean. Urtarrileko kontsultarekin amaiera emango zaio 2015eko uztailean hasitako prozesuari. Lantalde bat bildu zen orduan, jaien antolakuntzan murgildutako hainbat eragile zein norbanakok osatutakoa. Sei data proposamen egin zituen lantalde horrek. Sei horietatik hiru atera dira azkenean, geroago egin diren beste bilera ireki batzuen bidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide