Beharra dutenei laguntzeko ekimena jarri dute martxan Laudion

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016ko aza. 11a, 09:49

Proiektu berria jarri du abian Laudioko Nomeolvides elkarteak baliabide ekonomikorik gabeko herritarrei laguntzeko helburuarekin. Pertsona horiei kafe edo pintxo batera gonbidatzean datza, funtsean, kanpaina.

Edozein herritarrek hartu dezake parte egitasmo horretan. Horretarako honakoa egin behar da: Laudioko taberna edo kafetegi batean kafe edo pintxo bat aurretik ordainduta utzi. Tabernariak pintxo edo kafe hori ordainduta dagoela apuntatuko du horretarako egokitutako arbela batean. Modu horretan, baliabiderik gabeko herritarrak gerturatu eta "zintzilik" dauden pintxo edo kafe horiek hartu ahal izango dituzte doan.

Elkarteko kideek adierazi dute oraingoz herriko hiru tabernatan dagoela ekimen horretan parte hartzeko aukera: Arkupen, Indriskan eta Kukullun (Eroski alboko taberna). Hiru establezimendu horiek aukeratu dituzte euren inguruko kaleetan delako ohikoa baliabide ekonomikorik gabeko pertsonak ikustea.

Edozein taberna

Hala ere, Nomeolvidesekoek azpimarratu dute edozein tabernak hartu dezakeela parte esandako proiektuan. "Doakoa da; elkartasun apur bat baino ez da behar", adierazi dute.

Jostailu bilketa

Kafe eta pintxoena ez da izango elkartetik martxan jarriko duten ekimen bakarra. Jostailu bilketa egiteari ere ekin diote egunotan. Hiru modu daude jostailuak entregatzeko: 622 668 337 telefonora deituta, abnomeolvides@gmail.com helbidera mezu bat bidalita edota elkarteak Arza poligonoan duen biltegira gerturatuta. Nomeolvideseko kideek azpimarratu dute jostailuek "egoera onean" egon behar dutela.

Elkartea bera da bildutako jostailuen banaketaz arduratuko dena. Datu base batez baliatuko dira horretarako, baliabide ekonomikorik gabeko 350 familia ingururen datuekin osatuta dagoena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide