Izar Gorria jaun eta jabe Buesa Arenan

Erabiltzailearen aurpegia

Baskoniak hirugarren porrota jarraian jaso zuen Izar Gorriaren aurka Euroligan, 69-87. Sito Alonsorenek gainezka ikusi zuten euren burua lehen minututik azkeneraino.

Radonjicen eta Europako eta Atlantikoaren beste aldeko kirol zuzendari askoren agendan dagoen Stefan Jovicen zuzendaritzarekin, Izar Gorria hasieratik bukaeraraino gailendu zaio Baskoniari. Hasiera-hasieratik gasteiztarrek ez zuten errege magoen gauera arte erakutsitako intentsitatea aireratu. Izar Gorriaren defentsak ito zituen Baskoniak jolasteko egiten zituen ahalegin guztiak. Gainera, Larkinek eta Luzek ezin izan zuten taldeak behar zuen erritmoa ezarri lehen zatian. Jovic (18 puntu eta 12 asistentzia) eta Simonovic (23 puntu) izan ziren partiduaren errege, eta Baskoniak ezin izan zuen haien jokoa ez lehen zatian ezta partidu osoan zehar ere gelditu.

Atsedenaldira 27-50 joan ostean, Izar Gorriak partidua kontrolatzen jarraitu zuen. Gainera, aldea zortzi puntu gehiagora luzatu zuen bost minututan. Partidua guztiz erabakita zegoelarik, Baskoniak azken ahalegin batean 12 puntura hurbiltzea lortu zuen. Horrek gutxienez zazpi puntuko basket averagea mantentzeko esperantza sortu zuen arren, Radonjicek hutsartea eskatu eta haien abantaila 20 puntu ingurura luzatu zuten berriro ere segundo gutxitan. Azkenean, 18 puntuko aldearekin galdu zuen Baskoniak partidua, eta noski basket averagea.

Hirugarren porrot honen ostean, Baskonia sailkapeneko 7. posturaino jaitsi da. Bartzelonak eta Efesek hiru garaipen gutxiagorekin markatzen dute Play Offetara sartzeko muga. Hori dela eta, hurrengo ostiraleko Bartzelonaren aurkako partida irabaztea ezinbestekoa dirudi Sito Alonsoren mutilentzat. Irabaztekotan, Kataluniarrak ia definitiboki aldenduko lirateke 8. postutik. Galtzekotan, Baskoniak asko borrokatzen jarraitu beharko luke 8. postuari eusteko, Bartzelona bi garaipeneko diferentzia txikiarekin jarriko litzatekeelako.

Laprovittolaren debuta

Partidutik positiboa den zerbait ateratzekotan, Nicolas Laprovittola argentinarraren debuta izan zen. Nahiz eta estatistika ofizialean -1eko balorazioa agertzen den, bere dinamismoak eta freskotasuna ikusteko aukera eskaini zigun.  Bere talentu eta kalitatea erakusteko lehen pausuak eman zituen, nahiz eta entrenamendu bakarraren ostean oraindik ere ez dituen Sito Alonsoren sistemak eta kontzeptuak barneratu. Bartzelonaren aurkako aste honetako hurrengo bi partiduetan taldean bere minutuak irabazteko aukera izango du.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide