Javier Martinez

"Ez dugu behar erantzuten duen jenderik, galderak egingo dituena baizik"

Erabiltzailearen aurpegia Go Gasteiz Kultura 2020ko ira. 29a, 11:20
Javier Martinez Aldanondo. / GO GASTEIZ KULTURA

Javier Martinezekin hitz egin du Go Gasteiz Kulturak, Txilen bizi den gipuzkoarrarekin, zeinak 25 urte baino gehiago baitaramatza enpresei eta erakundeei aholkuak ematen ikaskuntza-kultura garatzeko eta ezagutza kudeatzeko estrategiak ezartzeko.

Javier Martinez Aldanondo Txile eta bere jaioterriaren artean dabil atzera eta aurrera. Knowledge Workseko bazkidea da, Knocoko zuzendaria, eta ezagutzaren kudeaketarako kudeatzailea izan zen Catenarian. Gaur egun, Nazio Batuen Erakundeko, Munduko Bankuko eta Garapenerako Amerikarteko Bankuko aholkularia ere bada, ezagutzaren eta ikaskuntzaren kudeaketaren arloan.

Bere egunerokotasuna Espainian eta Latinoamerikan enpresei eta erakundeei aholkuak ematean datza, ikaskuntza-kultura garatzeko eta jakintza aktibo nagusi gisa kudeatzeko estrategiak ezartzeko.

Karraskan elkartearen eskutik, urriaren 15ean eta 16an modu birtualean ospatuko den VI. Berrikuntza eta kultura Jardunaldian parte hartuko du Javierrek. Go Gasteiz Kulturak hainbat erakunderen barruko ezagutzaren kudeaketari buruz hitz egin du berarekin.

Erakunde batean egon daitezkeen ezagutza motak definitu dira?

Bi kategoria handi oso sinple daude: ezagutza tazitua eta ezagutza esplizitua. Tazitua pertsonek buruan daramatena da, zuk egiten dakizuna. Esplizitua da egiten dakizun horren inguruan islatu edo dokumentatzeko gai zarena. Erakundeetan ezagutza esplizitu handia dago, eta hori prozedura, prozesu, sistema eta abarretan islatzen da. Teknologiaren bidez transferitzen den guztia ezagutza esplizitua da. Ezagutzaren ehuneko handia da, baina garrantzitsuena pertsonek buruan dutena da; horiek joaten direnean, eraman egiten dute eta erakundeek galdu egiten dute. Zuk dakizun guztia idatziz jartzen saiatzen bazara ere, esplizitatu ezin den ezagutza handia dago. Jendeak askoz gehiago daki azaltzeko gai dena baino.

Ezagutzaz hitz egitea konplexua bada, are gehiago artearekin, kulturarekin eta sormenarekin lan egiten duten erakundeei aplikatzen badiegu. Zailago ala errazago iruditzen zaizu gai hau lantzea gure sektorean?

Ukiezina dena kudeatzea prozesu konplexuagoa da, eta beste modu batean pentsatzera behartzen zaitu. Ukiezina dena administratzeko mekanismoak garatzeko aukera paregabea dugu, ezin baititugu aktibo fisikoekin egiten genuen bezala administratu. Horretarako, erakunde desberdinak diseinatu behar ditugu. Ezagutzarik gabeko aktibo fisikoak izateak ez dizu balio, baina ezagutza bakarrik baduzu, administratzeaz arduratu behar zara. Baditu bere konplexutasunak, baina nik erronka interesgarria aurkitzen dut, gauza berriak sortzeko aukera ematen digulako.

Zer portzentajetan dago ezagutza hori pertsonengan, eta zer portzentajetan dago erregistratuta baliabide teknologikoetan?

Ezagutzaren ehuneko bat sistema, prozesu eta dokumentuetan islatuta dago, baina ehuneko hori txikiagoa da; ezagutzaren zati handiena pertsonek dute. Oraingoz, ezagutza ezin da automatizatu, horregatik erakundeak pertsonen menpe daude. Erakunde baten aktiborik garrantzitsuena ez da bere jabetzakoa, pertsonak ez direlako inoren jabetzakoak. Izan ere, enpresa batek funtzionatzeko duen gauzarik garrantzitsuena bere etxera joaten da arratsaldean, eta hurrengo egunean itzultzen da goizean. Hau da, erakunde batek balioa galtzen du egunaren amaieran, eta hurrengo egunean berreskuratzen du, pertsona berek erabakitzen dutenean hara joango direla beren ezagutza aplikatzera.

Elkarrizketaren zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko elkarrizketa osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide